Gizartea -
Adingabeak
Sei hilabeteko zigorra Bergarako ertzain-etxearen aurrean 3 urteko semea abandonatu zuen gizonarentzat
Zigorra epaiketa azkarra eginda ezarri diote. Akusatuak adingabea abandonatzearen delitua onartu du. Haurra Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean geratu da, eta amaren bila ari dira. Atzerrian dago.
EITB Media
Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote 3 urteko semea Bergarako (Gipuzkoa) ertzain-etxearen aurrean abandonatu zuen 39 urteko gizonari, adingabeak abandonatzearen delitu batengatik.
Zigorra epaiketa azkarra eginda ezarri diote. Akusatuak karguak onartu ditu eta ados jarri dira epaian. Zigorra bertan behera utzi du epaileak, hurrengo bi urteetan deliturik egiten ez badu.
Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, larunbatean 14:00ak aldera gertatu zen, Bergarako ertzain-etxearen atarian. Agenteek zaintza-kameren bidez ikusi zuten gizona haur txiki bat sarrerako atearen aurrean uzten, maleta batekin.
Egoera ikusita, zenbait agente hurbildu eta ihes egin nahi zuen gizona geldiarazi zuten. Gizonak aitortu zuenez, bere egoera pertsonala zela eta, ezin zuen haurraren ardura bere gain hartu, eta Gizarte Zerbitzuak haren kargu egitea nahi zuen.
Adingabeak abandonatzea delitu izanik, atxilotu egin zuten gizona eta haurra Larrialdiko Gizarte Zerbitzuen esku utzi zuten, gaur egun atzerrian dagoen amarekin gaia konpondu bitartean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean geratu da haurra. Gertatutakoa jakin bezain laster, foru larrialdietako zerbitzua aktibatu eta haurrak babesteko zerbitzuak kargu hartu zuen.