Gizartea -
TRAFIKOA
Motor gidari bat hil da Barakaldon, A8an izandako istripu batean
Ezbeharraren ondorioz, ordubete inguruz errepidea guztiz itxi behar izan dute Irunerako noranzkoan, eta ezkerreko erreia, Kantabriara bidean. 13:15erako, zirkulazioak normaltasuna berreskuratu du.
EITB Media
Motozale bat hil da gaur goizean A-8an, Barakaldo parean izandako istripuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 10:50ean gertatu da, Max Center parean, eta Kantabriarako noranzkoan.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu direnerako, ordea, motor gidaria hilda zegoen.
Ezbeharraren ondorioz, ordubete inguruz errepidea guztiz itxi behar izan dute Irungo noranzkoan eta ezkerreko erreia, Kantabriara bidean. Hori dela eta, auto ilara luzeak sortu dira bi noranzkoetan, eta Ertzaintzak bideratu du trafikoa. 13:15erako, ordea, zirkulazioak normaltasuna berreskuratu du.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.