Gizartea -
Jaiak
Dena prest Gasteizen, Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko
Arabako hiriburuak Zeledon berria izango du aurten, Iñaki Kerejazu, eta 400 ekitaldi baino gehiago izango dira abuztuaren 4tik 9ra.
EITB Media
Gaur arratsaldean hasiko dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, Zeledonen jaitsierarekin. Aurtengoa, gainera, berezia izango da, Iñaki Kerejazu lehen aldiz arituko baita Zeledon gorpuzten. Arratsaldeko seietan izango da jaitsiera, eta zuzenean jarraitu ahal izango da ETB2n eta eitb.eus atarian.
Sei eguneko jaia lehertuko da Zeledon jaistearekin batera, eta Gasteizko Udalak 400 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu egun hauetarako.
Musika alorrean, Zetak, Esne Beltza, Luz Casal, Doctor Deseo, Los 40 La Blanca eta Nil Moliner izango dira Foru plazan. Kontzertu guztiak gauerdian hasiko dira.
Modus Operandi, Süne, Sara Zozaya eta Kalakan Aihotz plazan arituko dira. Falerina Lorategian, bestalde, bertako taldeen emankizunak izango dira. Ohikoa denez, Plaza Berrian, orkestra handiak arituko dira gauero, eta Probintzia plazan askotariko ikuskizunak eskainiko dituzte.
Prado parkean, 'Umorearen Txokoa' jarriko dute, eta hainbat artistaren monologoak izango dira bertan entzungai.
Etxeko txikienek gozatzeko aukera ugari izango dituzte Arriagako parkeko haurren gunean, eta Peñafloridako Kondearen plazan, berriz, ikuskizunak. Fernandez de Pierola apezpikuaren lorategietan diskoteka txikia egongo da, eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejira, egunero.