Gizartea -

Galizia

Bi urte eta erdiko kartzela-zigorra Alviako makinistarentzat eta Adifeko goi-kargudun ohi batentzat

Istripua 2013ko uztailean gertatu zen, eta 80 hildako eta 145 zauritu eragin zituen. Biktimek urteak daramatzate justizia eskatzen, eta pozik daude Cortabitarte goi kargudunari ezarritako zigorrarekin. Bitartean, Adifek esan du epaia aztertuko duela "errekurtsoa jartzeko asmoarekin".

Andres Cortabitarte, Adifeko segurtasuneko buru ohia epaiketan. Foto: EFE.
Andres Cortabitarte, Adifeko segurtasuneko buru ohia epaiketan. Foto: EFE.
Andres Cortabitarte, Adifeko segurtasuneko buru ohia epaiketan. Foto: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago de Compostelako Zigor-arloko 2 zenbakiko Epaitegiak bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri die Francisco Garzoni, Angroiseko bihurgunean 2013ko uztailean errailetatik atera zen Alvia treneko makinistari, eta garai hartan Adifeko Zirkulazioaren Segurtasuneko zuzendari zen Andres Cortabitarteri.

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak ostiral honetan emandako epaiaren arabera, 79 homizidio delitu eta 143 lesio deliturengatik zigortu dituzte, zuhurtziagabekeria larria egotzita.

Gainera, lau urte eta erdiz euren lanbideetan aritzeko gaitasungabetu dituzte. Azkenik, biktimei 25 milioi euroko kalte-ordaina ematera kondenatu ditu eta erantzunkizun zibila ezarri die QBE eta Allianz Global erakundeei (Renfe Operadora eta Adifen aseguru-etxeak, hurrenez hurren).

María Elena Fernandez Curras magistratuak errailetatik irtetearen arrazoitzat jo du segurtasun-sistema batekin zirkulatzeko arriskua arintzeko neurririk ez hartzea. Epaian azaltzen denez, neurri faltak "erantzukizun guztia gidariaren esku uzten zuen", eta gidariak "deskuidua" izan zuen Antonio Martin Marugan ontziko kontu-hartzailearen deia jaso zuenean.

Istripuaren biktimek 11 urte eman dituzte justizia eske, eta "pozik" agertu dira Cortabitarte kondenatu duen epaiarekin. Horien ustez, "saldu nahi ziguten egia ofiziala bertan behera erori da, alegia, makinista zela erantzule bakarra. Hemen zabarkeria asko zegoen Adifen aldetik; haiek sinatu zuten segurtasuna murriztu zuen proiektu-aldaketa". Europak "arrazoia" ematen ziela gogorarazi dute, eta epaia emateko orduan "independentea eta ausarta" izatea eskertu diote Fernandez epaileari.

Adifeko iturriek adierazi dute ez dutela epaiaren notifikazio formalik jaso, eta, jasotzen dutenean, "oinarri juridikoak eta epaia ongi aztertuko" dituztela, "errekurtsoa jartzeko asmoz".

Makinistaren abokatuak ere epaiaren aurkako helegitea aurkezteko asmoa agertu du, ez zaiolako "zuzena iruditzen bien kondena parekatzea". Horren ustez, epailea "ez da ausartu" bere defendatuari zigor txikiagoa jartzen, nahiz eta "epaiaren garapena ikusita argi eta garbi ematen duen hala beharko lukeela".

Istripua 2013ko uztailaren 24an gertatu zen. Trena errailetatik atera zen A Grandeirako bihurgunean, Santiagoko Angrois auzoan, geltokitik hiru kilometrora. 80 pertsona hil ziren, andoaindar bat eta gasteiztar bat tartean, eta 143 zauritu ziren. Epaiketa 2022an izan zen, eta makinista eta Adifeko zuzendari ohia eseri ziren aulkian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Galizia Trenen Istripuak