Gizartea -
Mendi-istripua
Elur-jausi batean hildako Bergarako mendizalearen auzian, errugabetu egin dute CSICeko zuzendari ohia
2018an izandako mendi-istripuan Unai Perez de Arenaza mendizale bergararra hil zen, eta Roberto Sanchez ikerlari lasartearra oso larri zauritu. Rosa Menendez CSICeko presidente ohiari irekitako ikerketa artxibatzea erabaki du Lleidako epaile batek, espedizioa baldintza "seguruetan" egin zelakoan.
AGENTZIAK | EITB Media
Rosa Menendez CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko presidente ohiari irekitako ikerketa artxibatzea erabaki du Vielhako (Lleida) epaile batek, Aran haranean izandako espedizio batean elur-jausi baten ondorioz bi pertsona hil ostean. Horietako bat Unai Perez de Arenaza Bergarako mendizalea zen.
Elur-jausia Conangles haranean
Ezbeharra 2018ko martxoaren 22an gertatu zen, Conangles haranean, elur-jausi batek harrapatu zituenean. Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ministerioaren menpekoa den CSICeko proiektu baterako ur-laginak hartzera joan ziren Redon aintzirara, elausoak harrapatu eta 90 metroko harkaitz bertikal batetik behera bota zituenean.
Bi pertsona hil ziren istripuan: Unai Perez de Arenaza mendizale bergararra eta Gaspar Giner Abati Salamancako biologoa. Gainera, Roberto Sanchez ikertzaile lasartearra larri zauritu zen.
Luis C. proiektuaren zuzendariak errekrutatu zituen biak, ahoz, espedizioa abiatu baino egun batzuk lehenago. Antza, ez zuten aurretik izapide administratiborik egin, kontratazio eskaerarik kudeatu eta CSICeko gerentziak ez zituen laginak hartzeko kanpainarekin lotutako gasturik baimendu.
Mendi-adituak
Epaileak delitu zantzuak baztertu ditu autoan; izan ere, espedizioan parte hartzen ari ziren mendizaleek "baldintza seguruetan" egiteko beharrezko materiala zutela ondorioztatu du, eta ez zela lan-arriskuen prebentziorako araurik urratu.
Epaileak ebatzi duenez, hildakoek "mendiko adituen titulazioa zuten, eta lurra, elurraren baldintzak eta elur-jausiak izateko arriskua ezagutzen zituzten; horregatik, espedizioan gidari lanak egiten zituzten".
Espedizioko kideen egoera legalari dagokionez, espedizioa hildakoen eta CSICen arteko "lankidetza akordioen" esparruan egin zela ondorioztatu du, "autonomo edo langile gisa, elurretatik ibiltzeak dakarren arriskua libreki eta kontzienteki onartuta, are gehiago lurra ezagutzen zuten goi-mendiko gidariak zirenean eta elur-jausien arriskua ezagutzen zutenean".
Helegitea
Hildako ikertzaileen senideek helegitea aurkeztu dute Lleidako Auzitegian ebazpen horren aurka, espedizioan "segurtasun neurri nahikorik ez" zutela argudiatuta.
2022an Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen elur-jausian hil ziren bi pertsonak CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenarentzat lanean ari zirela, kontraturik izan ez arren.