Gizartea -
Gipuzkoa
Mutil bat atxilotu dute Villabonan beste bati arma zuriz eraso egitea leporatuta
Ustezko erasotzailea Kale Nagusiko atari batean babestu da, eta bertan atxilotu dute, ustez jai-eremuan liskarren bat izan ostean.
eitb media
Ertzaintzak 19 urteko mutil bat atxilotu du gaur goizaldean Villabonan, arma zuriz beste gazte bat izterrean zauritzea egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
04:00ak jotzeko minutu batzuk falta zirenean, Ertzaintzaren patruilak Villabonara joan dira, arma zuriz egindako eraso baten berri izan ostean. Anbulantzia bateko osasun-langileek ezkerreko izterrean zauria zuen gazte bat artatu eta eraman dute.
Ustezko erasotzailea Kale Nagusiko atari batean babestu da, eta, lekukoen arabera, bi arma zuri zeramatzan. Ertzaintzak hor atzeman du, eskuan bi arma zituela.
Antza denez, atxilotuak liskarren bat izan du Villabonako jai-eremuan.
Atxilotua osasun-zentro batera eraman dute lehenengo, eta ertzain-etxera, gero, beharrezko eginbideak amaitutakoan epailearen esku uzteko.