Gizartea -
EPAIKETA
Iazko maiatzean Iruñean bikotekidea hil zuen emakumeak 10 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra onartu du
Hilketa argitzeko epaimahaia osatu aurretik iritsi dira akordio batera bi aldeak, eta horrenbetez, epaiketa amaitutzat eman da. Errotxapea auzoko Bernardino Tirapu kaleko etxebizitza batean izan zen erasoa.
EITB MEDIA
2023ko maiatzean Iruñean bikotekide gizonezkoa labanaz hil zuen emakumeak 10 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra onartu du, hilketa delituagatik. Erantzukizun zibila dela eta, jada, 10.000 euro ordainduta zituen akusatuak, eta hori aringarri gisa hartu da, zigorra ezartzerakoan.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, hilketa argitzeko epaimahaia osatu aurretik itxi dute akordioa bi aldeek, eta horrenbetez, epaiketa amaitutzat eman da.
Kartzela-zigorraz gain, 15 urtez bikotearen alabarekiko urruntze agindua eta harekin komunikatzeko debekua ere ezarri diote auzipetuari. Biktimaren familiari 55.000 euroko kalte-ordaina ematera ere zigortu dute. Horrez gain, espetxealdia amaitutakoan, beste 5 urte igaro beharko ditu zaintzapeko askatasunean.
Akordioaren berri emateko egin den saioan, emakumeak barkamena eskatu dio alabari eta hildako gizonaren familia osoari.
Errotxapea auzoko Bernardino Tirapu kaleko etxebizitza batean izan zen erasoa. Gizonarekiko urruntze-agindua bazuen ere, emakumea haren bizitokira joan zen, eta labana batekin hil zuen.
Gertakarien tokian bertan atxilotu zuten emakumea, eta, deklaratu ondoren, hura behin behinean espetxeratzeko agindu zuen epaileak.