Gizartea -

Gipuzkoa

Etxebizitza eraikin bat hustu dute Errenterian suziri batek eragindako sute bat dela eta

Ez da inor zauritu, eta bizilagunak 02:00ak pasatxoan itzuli ahal izan dira, erreta gelditu den etxebizitzakoak salbu. Aizpea Otaegi alkatearen esanetan, sutea suziri batek eragin duela da hipotesi nagusia.

Sare sozialetan zabaldutako bideo baten irudia
Sare sozialetan zabaldutako bideo baten irudia
Etxebizitza eraikin bat hustu behar izan dute Errenterian suziri batek sutea eragin ostean

0:41

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenteriako 16 solairuko eraikin bat hustu behar izan dute kanpaiak jo eta gutxira, ustez suziri batek eragindako sute baten ondorioz. Etxebizitza-eraikina Sorgintxulo auzoan dago, eta Aldundiko hiru suhiltzaile-parketako suhiltzaileak bertaratu dira, baita Donostiakoak ere.

Segurtasun Sailaren arabera, gauerdia pasata piztu dira garrak eraikinaren kanpoko patio batean, arropa zintzilikatzeko erabiltzen den sareta batean. Sua berehala zabaldu da, eta eraikinean bizi diren pertsona guztiak etxetik atera dituzte. 02:00ak pasata, bizilagun ia denak etxera itzuli ahal izan dira, erreta gelditu den etxebizitzakoak izan ezik.

Ez da inor zauritu. Hala ere, antsietateak jota zeuden bi pertsona artatu behar izan dituzte.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak suhiltzaileen lana eskertu du sare sozialetan zabaldu duen mezuan, eta baieztatu du ez dela inor zauritu, baina Errenteriako familia batek guztia galdu duela sugarrengatik.

Geroago, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, sutea suziri batek eragin duela da hipotesi nagusia. Itxura guztien arabera, kanpotik jaurti dute. Oraingoz, erre den etxebizitzako bizilagunek ezingo dute itzuli "tarte batean", sutea "larria" izan delako.

Bestalde, pertsona bat zauritu da gaur goizaldean Tolosan (Gipuzkoa), lehergailu pirotekniko batek esku batean eztanda egin diola eta Ertzaintzako agenteek itzali duten etxebizitza batean sute txiki bat eragin duela dirudi. Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, suhiltzaileek ez dute esku hartu behar izan, garrak itzalita baitzeuden.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria Albisteak Suhiltzaileak