Gizartea -
NOBEL SARIAK
Puntu kuantikoak aurkitu zituzten hiru zientzialariek jasoko dute Kimikako Nobel saria
Moungi Bawendi frantziarra, Louis Brus estatubatuarra eta Alexei Ekimov errusiarra saritu ditu Zientzien Suediako Akademiak. Filtrazio baten ondorioz, horien izenak iragarpen ofiziala egin baino ordu batzuk lehenago zabaldu dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Puntu kuantikoak aurkitu eta sintetizatu" dituzten hiru zientzialariek jasoko dute Kimikako Nobel saria: Moungi Bawendi (Massachusettseko Teknologia Institutua), Louis Brus (Columbia Unibertsitatea) eta Alexei Ekimov (Nanocrystals Teknologia Zentroa) dira aurtengo sarituak, Zientzien Suediako Akademiak gaur Stockholmen egin duen agerraldian jakinarazi duenez.
Puntu kuantikoak nanopartikula oso txikiak dira, eta horien tamainak partikulen propietateak zehazten ditu. Besteak beste, telebisten pantailetatik edota LED lanparetatik puntu kuantikoei esker zabaltzen da argia. Medikuntzan ere, kirurgialariek, adibidez, tumoreen ehuna errotik kentzeko baliagarriak dira puntu kuantikoak.
Kimikan, elektroi kopuruak zehazten ditu elementu baten propietateak. Dena dela, materia oso txikia denean eta partikulak nanometrikoak direnean fenomeno kuantikoak sortzen dira. Bawendi, Brus eta Ekimov zientzialariek partikula oso-oso txikiak sortu zituzten, ezaugarriak fenomeno kuantikoen bidez zehaztuta dituztenak. Gaur egun, puntu kuantikoek garrantzi handia dute nanoteknologian.
Filtrazio baten ondorioz, horien izenak iragarpen ofiziala egin baino ordu batzuk lehenago zabaldu dira gaur goizean, eta Zientzien Suediako Akademiak barkamena eskatu du.