Gizartea -
Hondarribiko Alardea
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: "Ez dut onartu nahi inolako purgarik"
Irailaren 8ko Alardearen bezperetan oharra kaleratu du Enparanek, Alardeko Musika Banda Elkarteak, alarde baztertzailearen alde bazkideei sinatuarazi nahi dien "erantzukizunpeko adierazpenak" eragindakoei bere babesa adierazteko.
Olatz Prat | EITB Media
Datorren ostiralean, irailaren 8an ospatuko da Hondarribiko Alardea eta, tamalez, alarde parekidearen eta baztertzailearen arteko eztabaidak mikaztu du, beste urte batez, festaren atarikoa. Zehazki Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkarteak bazkideei sinarazi nahi dien, eta azken egunetan sare sozialetan zabaldu den agiri batek harrotu ditu txinpartak. Hainbeste, ezen Igor Enparan Hondarribiko alkateak idatzi bat argitaratu baitu gaur, larunbata, agiri horren harira, Alardean "inolako purgarik onartuko ez" duela azaltzeko.
Aipatutako dokumentua "erantzukizunpeko adierazpen" bat da, Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkartean jarraitu nahi izatera, bazkideek sinatu beharrekoa. Bi puntuetako lehenengoan, sinatzaileak adierazten du Alardea "arbasoengadik jaso gisan" ulertzen duela eta "jakitun" dela "Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkarte pribatuaren zeregina Alardearen balioa babestu, transmititu eta zabaltzea" dela, emakumeak desfilean kantinera gisa baino onartzen ez dituela azpimarratuz.
Bigarren puntuarekin, sinatzaileak onartzen du, lehen puntuaren kontrako edozein ekintzak elkartetik "berehala" kanporatzea eta bazkide izateari uztea ekarriko diola sinatzaileari.
Horren aurrean, joan den ekainetik Hondarribiko alkate den Igor Enparanek gaur argitaratutako oharrean adierazi du "gaia sare sozialen bitartez iritsi" zaiola, "ez beste inondik". Bere hitzetan, "urteak" daramatza "herritarrek iritzi askea emateko beldurraren aurka lanean", eta Alardeko Musika Banda Elkartearen idatziak eragiten dion orori dei egin dio berarekin harremanetan jartzeko. "Udaleko eta nire bulegoko ateak irekita daudela argi eta garbi esan nahi dut, eta babestu egingo ditudala, ez baitut onartu nahi inolako purgarik", zehaztu du Alkateak.
Halaber, gogoratu du "Alardea hondarribiar guztion ondare inmateriala" dela eta "hori horrela den heinean, herritar guztiek, gizon zein emakume, parte hartzea bermatzeko lanean jarraituko" duela.
Guztion Alardea Elkarteak joan den asteartean sareetan zabaldutako ohar batean onartezin jo zuen "edozein hondarribiar Alardetik kanpo uztea", gaineratuz "Hondarribiko Alardearen gaurko antolatzaileek, genero berdintasuna ez errespetatzeaz gain, pertsonen sentimendu eta ideia aniztasuna kolokan jartzen" dituztela. Halaber, gogorarazi zuten, "dokumentua idatzi eta sinarazi dutenei, Alardea hondarribiar guztiona dela ahaztu" zaiela eta dei egin zion Hondarribiako Udalari, "jarrera hauen aurrean esku hartzeko". Alkateak larunbat honetan kaleratu du oharra, hain zuzen ere, "herritar guztiek, gizon zein emakumek", Alardean parte hartzearen aldekoa.