Gizartea -
Rubiales auzia
Jenni Hermoso: "Zaurgarri eta eraso baten biktima sentitu nintzen"
"Ez dut onartzen nire hitza zalantzan jartzea eta are gutxiago esan ez ditudan hitzak nere ahotan jartzea", esan du Jenni Hermosok komunikatu batean. Selekzioko 23 jokalariek uko egin dute selekzioaren deialdietan parte hartzeari Rubiales Federazioaren presidente den bitartean.
Agentziak | EITB Media
Jenni Hermosok, Espainiako selekzioarekin munduko txapeldun izandako futbolariak, gezurtatu egin du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak ostiral honetan Ezohiko Batzarrean emandako bertsioa, eta adierazi du "inoiz" ez zuela baimendu ahoan jaso zuen musua, eta aitortu du "zaurgarri eta eraso baten biktima" sentitu zela.
"Gaurko egunean gertatutakoari dagokionez. Egia bada ere nire aldetik ez ditudala abian dauden lege-prozesu ugariak oztopatu nahi, Luis Rubiales jaunak zoritxarreko gertakaria azaltzeko esandakoak kategorikoki faltsuak direla eta berak sortutako kultura manipulatzailearen zati direla salatzera behartuta nago", baieztatu du.
"Argitu nahi dut Luis Rubiales jaunak aipatu zuen elkarrizketa ez zela inoiz gertatu, eta, bere musua ez zela inolaz ere baimendua izan. Era berean, errepikatu nahi dut, bere garaian egin nuen bezala, gertaera hori ez zela nire gustukoa izan", gaineratu du.
"Argitu nahi dut inoiz ez niola musu emateko baimenik eman, eta ez nuela inola ere lehendakaria altxatu nahi izan. Ez dut onartzen nire hitza zalantzan jartzea eta are gutxiago esan ez ditudan hitzak nere ahotan jartzea", esan du Jenni Hermosok komunikatu batean.
Sororitatea eta laguntasuna
Emakumezkoen Munduko Txapelketaren ospakizunaren ondoren egin gisa, Jenni Hermosok FutPro sindikatuaren bitartez egin ditu adierazpenok, ohar batean. Idatzia 56 jokalarik sinatu dute, horien artean Sydneyn munduko txapeldun izan ziren 23 jokalariek. Hain zuzen ere, 23 jokalari horiek uko egin dute selekzioaren deialdietan parte hartzeari Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioaren presidente den bitartean.
"Gaur goizean jazotako gertakariekin eta Luis Manuel Rubiales Béjar Espainiako Futbol Federazioko presidenteak eman duen hitzaldiarekin zur eta lur, selekzio absolutuko jokalariek, munduko txapeldun berriek, Jennifer Hermosoren alde, irmo gaitzetsi nahi dituzte emakumeen duintasunaren aurka egin duten jokabideak", adierazi dute.
"Gure sindikatutik azpimarratu nahi dugu emakume bakar batek ere ez lukeela zertan erantzun beharrik izan mundu guztiak ikusi dituen gisako irudien aurrean, eta, jakina, ez lirateke baimendu gabeko jarreretan zertan nahasiak egon", gaineratu du.
Futbolariek komunikatua itxi dute RFEFen aldaketak eskatuz eta Munduko Txapelketaren konkista historikoaren ondoren duten sentimendua azalduz, alegia, Luis Rubialesen jokabideak, alde batera utzi duela lorpena eta ospakizuna bera.
"Komunikatu hau amaitzeko, benetako aldaketak eskatu nahi ditugu, bai kirol arloan, bai egituran, Selekzio Absolutuak hazten jarrai dezan, arrakasta handi hori ondorengo belaunaldietara eraman ahal izateko. Guztiz atsekabetzen gaitu hain gertaera onartezin batek Espainiako emakumezkoen futbolaren kirol-arrakastarik handiena lausotzeak".
Idatzia sinatu duten munduko 23 txapeldunak: Jennifer Hermoso, Alexia Putellas, Misa Rodriguez, Irene Paredes, Ona Batlle, Mariona Caldentey, Teresa Abelleira, Maria Perez, Cata Coll, Aitana Bonmati, Laia Codina, Claudia Zornoza, Oihane Hernandez, Rocio Galvez, Irene Guerrero, Alba Redondo, Athenea del Castillo, Eva Navarro, Enith Salon, Ivana Andres, Olga Carmona, Esther Gonzalez eta Salma Paralluelo.
Gainera, honako futbolariek ere babestu dute adierazpena: Mapi Leon, Patricia Guijarro, Lola Gallardo, Nerea Eizagirre, Ainhoa Moraza, Sandra Paños, Claudia Pina, Amaiur Sarriegi, Leila Ouahabi, Laia Aleixandri, Lucia Garcia, Andrea Pereira, Vero Boquete, Ainhoa Tirapu, Sandra Vilanova, Ana Romero "Willy", Silvia Meseguer, Nagore Calderon, Carmen Arce "Kubalita", Priscila Borja, Natalia Pablos, Susana Guerrero, Larraitz Lucas, Isabel Benito, Amanda Sampedro, Isabel Fuentes, Elisabet Sanchez, Mari Paz Azagra, Vanesa Gimbert, Virginia Torrecilla, Leire Landa, Elisabet Ibarra eta Marta Torrejon.