Gizartea -
Bilbo
Artxandan aurkitutako gorpua oraindik identifikatu gabeko gizon batena da
Gorpua eraikin abandonatu batean zegoen, funikularretik gertu, "indarkeria zantzuekin". Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITBri azaldu dionez, larunbat honetan Artxandako (Bilbo) eraikin abandonatu batean aurkitutako gorpua identifikatu gabe dago oraindik, baina baieztatu du gizonezkoa dela eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen duela.
Gorpua larunbat goizaldean aurkitu zuten, 05:00ak aldera, Larrialdi Zerbitzuek abisu bat jaso zutenean, Miramar jatetxe zaharra zegoen eraikinean pertsona baten hilotza zegoela jakinarazteko.
Gorpuak "indarkeria zantzuak" zituen; hori dela eta, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, gertakariaren nondik norakoak argitzeko.
Ikerketa Bizkaiko Lurraldeko Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuaren esku dago, Polizia Zientifikoaren laguntzarekin.
11:00ak pasata, gorpua Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundera eraman zuten identifikatu eta autopsia egiteko; oraindik emaitzen zain daude.
Jatetxea 2019an itxi zuten eta ordutik erabat abandonatuta dago. Hala ere, hainbat bizilagunek EITBri kontatu diotenez, ohikoa da jendea ibiltzea eraikinean.