Gizartea -
Heriotza
Joseba Intxausti euskaltzain eta historialaria hil da
Ondare oparoa utzi du historialari segurrarak. Besteak beste, 'Jakin' aldizkariko kidea eta UZEIren sortzaileetako bat izan zen. Horrez gainera, asko dira euskal historiari buruz idatzitako argitalpenak. 2004an, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
EITB Media
Joseba Intxausti Rekondo (1936-2023) historialaria eta euskaltzaina hil da, 87 urte zituela.
Eliz ikasketak eta Historia ikasi zituen Intxaustik, eta ondare oparoa utzi du. 'Jakin' aldizkariko kidea eta UZEIren sortzaileetako bat izan zen, baita bietako zuzendari ere —1958tik 1964ra 'Jakin'en eta bost urtez UZEIn—. Horrez gainera, asko dira euskal historiari buruz idatzi zituen argitalpenak.
Aitzindaria izan zen euskararen historia soziala eta Euskal Herriaren historia erlijiosoa ikertzen, baina bereziki euskalgintzaren eremuan; izan ere, Txillardegiren ildoan, euskara batuaren lehen oinarriak jartzen eta zabaltzen aritu zen.
Kike Amonarrizek Euskal Telebistako "Tribuaren Berbak" saioan elkarrizketatu zuen 2014an. 60ko hamarkadan euskaltzaletasunak izan zuen indarraz aritu zen.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961ean, eta ohorezko euskaltzain 2004an. Gainera, Jakin Fundazioko ohorezko kidea zen.
Guztira 37 liburu, ehundik gora liburu zati eta ia laurehun artikulu idatzi zituen Intxaustik 62 urtetan zehar; hots, 512 dira idatzi eta argitaratutako lanak.
Azken urteotan, bi ikerketa-lerro nagusitan zegoen murgilduta: batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoan Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta, bestetik, Euskal Herriko historia erlijiosoa ikertzen.