Gizartea -
Ur eskasia Busturialdean
Busturialdeko hainbat udalek funtsezkoa ez den ur kontsumoa mugatzeko neurriak hartu dituzte
Ur Partzuergoak atzo egindako deiari erantzunez, Bermeok kaleak ureztatzeko zerbitzuak eten ditu eta herritarrei igerilekuak ez betetzeko eskatu die. Mundakak, bestalde, iturriak itxi ditu, eta hainbat jarduera (ureztatzea, igerilekuak betetzea edota autoak garbitzea) debekatu.
EITB Media
Oka ibaiaren arroen maila "eskasa" dela eta, Busturialdeko hainbat udalek funtsezkoa ez den ur kontsumoa murriztea erabaki dute. Atzo egin zien eskea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, uda sasoi honetan "hornidura beharrak eskura dagoena baino handiagoak" baitira.
Bermeo izan da neurriak hartzen lehena. Ohar bidez gaur jakinarazi duenez, lorategiak eta kaleak ureztatzeko zerbitzuak eten ditu, eta presiozko makina garbitzailea garbiketa puntual eta urgenteak egiteko bakarrik erabiliko du. Bestalde, Gernika-Lumon edatekoa ez den uraren hartune bat erabiltzeko eskatu dio Udalak Partzuergoari, kaleak garbitzen jarraitu ahal izateko.
Halaber, bando bat zabaldu du herritarrei igerilekuak ez betetzeko eta lorategi eta ortuak ez ureztatzeko eskatuta. Hain justu, alerta-egoera honen aurrean, "arduraz jokatzeko" eskatu die herritar zein enpresa guztiei.
Ondoren etorri da Mundakako Udalaren erabakia, eta harago joan da. Izan ere, ortuak eta lorategiak ureztatzea, igerilekuak betetzea eta ibilgailuak garbitzea debekatu du. Horrez gain, udal iturriak itxi ditu eta kaleak garbitzeko zerbitzua "ahalik eta gehien mugatu" duela iragarri du.
Azkenik, bainua hartu beharrean dutxa hartzeko eta garbigailuak beteta daudela erabiltzeko deia egin die herritarrei.