Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Goia: "Gure herria mundura zabaltzeko balio dute Tourra bezalako jarduerek"
Erakundeek 12 milioi euro gastatu ditu Frantziako Tourra gurean hasteko, eta, horren harira, Donostiako eta Bilboko alkateek argi dute "inbertsioa" izan dela, horri esker "munduko nazioarteko mapan" kokatu delako Euskadi: "150 milioi pertsona baino gehiagok ikusi gaituzte".
I. R. | EITB MEDIA
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Frantziako Tourra gurean hasi izana goraipatu dute Eneko Goia eta Juan Mari Aburto Donostia eta Bilboko alkateek, hurrenez hurren. "Tourrak edo mota horretako beste jarduerek balio dute gure herria mundura zabaltzeko", azpimarratu du Goiak. "Leiho bat zabaldu zaigu, eta horretatik izugarrizko aukera izan dugu Euskadi munduari erakusteko", gaineratu du Aburtok.
Horretarako, administrazio publikoek 12 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte, eta, horren ildotik, bi alkateek nabarmendu dute ez dela gastua izan, inbertsioa baizik. "Asko dirudi, baina horrek gero izango duen itzulera askoz handiagoa izango da, ikuspegi guztietatik begiratuta", nabarmendu du Goiak. "Mundu lehiakor batean bizi gara, eta kontziente izan behar gara garrantzitsua dela halakoak egitea gure herria erakusteko".
Ildo beretik ere, Aburtok uste du "munduko nazioarteko mapan kokatzea" ahalbidetu diola Euskadiri Frantziako Tourrak, "eta seguruenik 150 milioi pertsona baino gehiagok ikusi gaituzte".
Era berean, bata zein bestea bat etorri dira esatean "ilusio kolektibo" bat sortu dela Tourrarekin, txirrindularitzarekiko zaletasun handia dagoelako Euskadin.
Elkarrizketan, txirrindularitza probaren nondik norakoez gainera, udal mailako gaiak jorratu ditu Goiak, eta, besteak beste, iragarri du aukerak ikusten dituela EAJk bakarrik gobernatzeko Donostiako Udalean PSE-EErekin akordiorik lortu ezean. Azpimarratu du negoziazio-lanetan murgilduta daudela egunotan alde biak, eta horiek "ahalik eta azkarren amaitzea" bilatzen duela, "ez delako ona hau luzatzea". Hala ere, azpimarratu du ez duela baztertzen gutxiengoan gobernatzeko aukera.
Azkenengo hauteskundeetan pairatutako boto galeraren inguruan galdetuta, Goiak azpimarratu du "zerbait orokorra" izan dela: "Nik uste dut abstentzioak eragin nabarmena izan duela EAJrengan". Era berean, aitortu du badaudela hainbat gai donostiarren artean ezinegona sortu dutenak urteotan, hala nola mugikortasuna, ondarea eta turismoa, eta, agian, horrek desmobilizazioa eragin duela. Hala, horri aurre egiteko, gai horiek landu eta herritarrekin "berriz konektatzeko" zereginetan arituko direla iragarri du.