Gizartea -
Basurtuko kirurgia
Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuak Basurtun jarraituko du, EAEANk Osakidetzaren errekurtsoa ezetsi ostean
Hala, Bihotzeko Kirurgia zerbitzuak Basurtun jarraituko du epai irmoa izan arte. Osakidetzaren arabera, epaiak ez du ezer aldatzen, ez diolako mamiari heltzen.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) azaroaren 16an ezarritako kautelazko neurriei eustea erabaki du, Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eramatea geldiarazteko. Hala, Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuak Basurtun jarraituko du, epai irmoa izan arte.
Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak azaroan erabaki zuen kautelaz geldiaraztea Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren itxiera, Gurutzetako Ospitalera eramateko, azaroaren 17rako aurreikusita baitzegoen. Neurri hori berretsi egin zen geroago, Osakidetzak hura kentzea eskatzeko alegazioak ezetsi baitzituen.
Osakidetzak apelazio-errekurtsoa aurkeztu zuen azaroaren 16ko auto horren aurka. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien 3. Salak ezetsi egin du, eta berretsi egin du Gasteizko Epaitegiaren autoa.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak atzera bota du Osakidetzaren argudioa, hau da, "demandatzaileek ez dutela legitimazio aktiborik", errekurritutako ebazpenak "bihotzeko zirujauei bakarrik eragiten dielako, baina ez kardiologoei". Auzitegiaren arabera, "Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua eta Kardiologiakoa desberdinak dira, baina ez dago zalantzarik zerbitzua ematen den une askotan duten harremanaz", eta errekurtsogileek "legitimazio aktiboa" dutela ondorioztatu du, "gaiaren muinean interes zuzena eta legitimoa dutelako".
Azken ebazpen judizial horren aurka kasazio-errekurtsoa aurkez daiteke Auzitegi Gorenean edota EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, 30 eguneko epean.
Basurtuko bihotzeko kirurgiari buruzko epaiak "ez dakar ezer berririk", Osakidetzaren arabera
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oharra kaleratu du EAEko Auzitegi Nagusiak Basurtuko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuari buruz eman duen azken epaiaren balorazioa egiteko. Horren esanetan, epaiak ez du ezer aldatzen, ez diolako mamiari heltzen.
Osasun Sailak zehaztu duenez, Basurtuko eta Gurutzetako bihotzeko kirurgiak "bateratzeari buruzko bista oraindik ez da egin", eta Auzitegiak azaroan ezarritako kautelazko neurriei eutsi die. Gauzak horrela, ezingo dira bi ospitaleetako bihotzeko kirurgiak Gurutzetako ospitalean bateratu epaiketa egin bitartean.
Orduan Osakidetza kautelazko neurri horien aurka agertu zen eta Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegira jo zuen. Erantzun faltaren aurrean, apelazio-errekurtso bat aurkeztu zuen, eta horren ebazpena da gaur argitaratu dena.
Kautelazko neurriak altxatzea baztertu du, eta, beraz, ez da aldaketarik egongo epaiketa egin bitartean.