Gizartea -

epe

Osakidetzako EPErako probak uztailaren 15ean hasiko dira

Gaurdaino Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren historian egin den egonkortze- eta finkatze-prozesurik jendetsuena da: Osakidetzak 7.639 plaza eskaintzen ditu, 110 lanbide-kategoriatan banatuta.

Lan eskaintza publiko bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.
Lan eskaintza publiko bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.
Lan eskaintza publiko bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Osakidetzaren 2020, 2021, 2022ko lan-eskaintza publikoaren (EPE) daten berri eman du gaur, asteartea. Lehenengo probak 2023ko uztailaren 15ean egingo dira, Sagardui sailburuak jakinarazi duenez. Azterketarik jendetsuenak irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango dira. Zehazki, orduan egingo dira Erizaintza, Administrari eta Erizain Laguntzaileenak, urriaren 1ean, hain zuzen, eta Zeladoreenak eta Administrari Laguntzaileenak, berriz, irailaren 30ean.

Probak planifikatzeko, espezialitate bateko azterketak egin baino lehen, gutxienez, 2018-2019ko EPEari dagozkion proben emaitzen behin-behineko zerrenda jakin behar da. 

Probak aurtengo uztaila eta azaroa bitartean egingo dira Barakaldoko BECen eta EHUren Gasteizko campusean. Lan-eskaintza publiko berri honetan, Osakidetzak 7.639 plaza eskainiko ditu, 110 lanbide-kategoriatan banatuta, hots, Osakidetzaren historian sekula egin den prozesurik jendetsuena izango da.

Guztira 109.029 pertsonak eman dute izena deialdian. 6.082 plaza lehiaketa-oposizio bidez eskaintzen dira, eta gainerako 1.557 plazak, merezimenduen bidez. 

Eskainitako plaza-kantitatearen arabera, Erizaintza, Erizain Laguntzaile eta Administrari Laguntzaileenak nabarmentzen dira. Erizaintzan 2.228 plaza eskaintzen dira, 1.231 Erizain Laguntzaile kategorian, 727 Administrari Laguntzaile izateko eta 331 plaza Zeladore gisa lan egiteko. Medikuei dagokienez, Familiako Medikuntzan atera dira plaza gehien (314 plaza), eta Larrialdiak (151 plaza) eta Anestesia eta Bizkortzea (135 plaza) kategoriak daude zerrenda horretan ondoren.

Medikuen Sindikatuak Osasun Saila kritikatu du aukeratutako datengatik

Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) "harridura eta haserrea" adierazi du iragarpenagatik. Ohar baten bidez azaldu duenez, historikoki, Osakidetzak, ekainaren 15etik irailaren 15era arte "ez du inoiz egin, ez azterketarik, ez argitalpen ofizialik". "Joan den udan, Osakidetzak Garapen Profesionalaren deialdia abuztuan argitaratu zuen. Horrek profesional askori kalte egin zion. Baina oraingo ekimen honek ez du izenik", adierazi du.

Horren ustez, "ez du inolako zentzurik" Familiako eta Komunitateko Medikuntzako kategoriari eta pazienteei hasierako arreta ematen dieten beste kategoria batzuei azterketa "uda betean" jartzeak, garai horretan izaten baitira "profesionalen defizit handiena (baimenak, oporrak…) eta, logikoa denez, herritarrei kalitatezko arreta bermatzeko estaldura-arazo gehiago".

Hori dela eta, sindikatuak Osasun Sailari eskatu dio azterketen datak berraztertzeko eta aldatzeko, eta berehala ebatz dezala 2018-2019ko lan eskaintza publikoa, "bere profesionalei merezi duten errespetua eta begirunea erakutsita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak