Gizartea -
Gertakaria
Bi pertsona hil eta 10 zauritu dira flanbeatu baten ondorioz jatetxe batean piztutako sutean, Madrilen
Bezeroetako batzuk lasterka atera ahal izan dira, baina beste batzuk harrapatuta geratu dira suak irteerako atea ixten zielako.
agentziak | eitb media
Bi pertsona hil dira eta beste hamar zauritu dira bart Madrilgo jatetxe italiar batean piztutako sutean. Hildakoak bi gizonezko gazte ziren, bat Burro Canaglia izeneko jatetxeko langilea.
Sutea 23:00ak aldera piztu zen eta "oso azkar" zabaldu zen landare artifizialez josita zeuden sapaian eta paretetan, Madrilgo Larrialdi Zerbitzuek jakinarazi dutenez.
Montserrat Marcos Alonso Samur-Babes Zibileko gainbegiraleak komunikabideei adierazi dienez, Manuel Becerra plazan izandako gertakarian zauritutako 6 lagun larri daude, eta beste 4ak arin zauritu dira.
Sutearen jatorriari dagokionez, lekukoek jakinarazi dute zerbitzarietako batek postre bat flanbeatu duenean piztu dela, garrak sapaira iritsi direla eta hortik zabaldu dela.
Hala eta guztiz ere, Espainiako Poliziak esan du oraingoz ezin dela beste hipotesirik baztertu.
Bezeroetako batzuk jatetxeko atetik lasterka ihes egitea lortu dute, baina beste batzuk harrapatuta geratu dira suak irteerako atea ixten zielako.