Gizartea -
Indarkeria matxista
"Bai bakarrik da bai"ren erreformak azken-aurreko pausoa gainditu du, PSOE, PP, EAJ, Cs eta Juntsen botoekin
Solialisten ustez, "PSOE ez da horretatik koma bakar bat ere mugitu" Berdintasun Ministerioak bultzatutako legearen muinetik, onespenetik. Unidas Podemosen aburuz, berriz, erreformarekin "aurreko legedira itzuliko gara".
Agentziak | EITB Media
"Bai bakarrik da bai" legea erreformatzeko txostenak Diputatuen Kongresuan bete beharreko azken-aurreko izapidea gainditu du gaur, PSOEren, PPren, EAJren, Ciudadanosen (Cs) eta Juntsen aldeko botoekin. Hori horrela, erreforma etzi, ostegunarekin, eztabaidatu eta bozkatuko dute osoko bilkuran.
Sozialistek bultzatutako lege proposamenak Unidas Podemosen, ERCren eta EH Bilduren kontrako botoa jaso du. Indarkeria edo larderia dagoen sexu-erasoen kasuetan astungarri bat gaineratzea proposatu du PSOEk, zigorrak handiagoak izan daitezen. Espainiako Gobernuaren koalizio kidearen eta inbestidura blokeko indar gehienen ustez, ordea, onespena legearen ardatzetik kentzea dakar erreformak.
PSOEk defendatutako astungarri hori gehitzeaz gain, PPk egindako "zuzenketa tekniko batzuk" erantsi dizkiote proposamenari, baina horiek ez omen dute, sozialisten esanetan, hasierako testua eta onespena "asko" aldatzen.
Erreformaren gakoak
PSOEk eta PPk adostutako transakzio-zuzenketaren arabera, araudian zegoen "akats bat zuzendu" egingo dute, 16 urtetik beherakoei sexu-erasoak egitera bultzatzen duten edukiak zabaltzea berriro zigortzeko.
Halaber, legearen 178. artikuluaren bigarren parrafoan lokailu bat ezabatzea —sexu-erasoaren delitua definitzen duena— edo "zirkunstantzia" hitza "modalitate" hitzaren ordez sexu-eraso batean gerta daitezkeen egoera desberdinak aipatzea, hala nola indarkeria egotea edo biktimaren borondatea deuseztatzea.
PSOEren aburuz, erreforma "beharrezkoa" zen, "bai bakarrik da bai" legea berez "oso ona" bazen ere. Laura Berja diputatuaren esanetan, "lege honek paradigma aldaketa ekarriko du, eta PSOE ez da horretatik koma bakar bat ere mugitu".
Martina Velarde Unidas Podemosen diputatuak gogor kritikatu du erreforma, eta gogoeta egiteko eskatu dio PSOEri. Ostegunera arte akordioa lortzeko aukera egon badagoela ere azpimarratu du. Erreforma onartuz gero, berriz, "aurreko legedira itzuliko gara", ohartarazi du.
EAJ eta EH Bilduren balorazioa
Mikel Legarda diputatu jeltzalea pozik agertu da, ohar batean, "bai bakarrik da bai" legeak sortutako "ezinegon eta nahasmen soziala konpondu" dutelako, "lehenago" erreakzionatu ez izana deitoratu duen arren.
Oso bestelako irakurketa egin du Bel Pozueta EH Bilduko ordezkariak, eta "inbestiduraren blokeari bizkarra ematea" leporatu dio PSOEri. "Atzera egiteko" eskatu die sozialistei, "onespenaren paradigma babesteko".