Gizartea -
Italia
Aita Mari portura iritsi da eta lehorreratu ditu erreskatatutako 31 migratzaileak
01:40 aldera ailegatu da Civitavecchiara, tartean 10 adingaberekin, horietako bat hiru hilabetekoa, eta beste sei gurasorik gabe. Dena ondo badoa, gaur gauean Mediterraneora itzuliko da ontzia, berriz ere.
eitb media
Aita Mari erreskate ontzia gaur goizaldean iritsi da Civitavecchiako (Italia) portura Libiako itsasoan erreskatatutako 31 migratzailerekin, terzobinario.it hedabide italiarrak zabaldu duenez.
Itsasontzia 01:40 aldera iritsi da eta orduan hasi da erreskatatutako 31 migratzaileak lehorreratzen, covid kontrolak egin ostean. Erreskatatutakoen artean hiru hilabeteko haur bat dago, eta sei adingabe gurasorik gabe ontziratu ziren.
Gurutze Gorriak bi karpa muntatu ditu portuan bertan, eta anbulantziak eta Itsas Osasuneko zerbitzuak bertaratu dira.
Erreskatea asteazken arratsaldean egin zuen Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen ontziak. "Egurrezko ontzi txiki eta ezegonkor batean pilatuta", 31 pertsona ikusi zituzten, urduri, keinuak egiten eta laguntza eske. "Bakar batek ere ez zuen salbamendu jakarik, eta arrisku bizian zeuden guztiak", azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak.
Taldean 10 ume zeuden, lau haur txiki eta hiru hilabeteko haurtxo bat tartean. Horrez gain, hiru emakume haurdun zihoazen. Gehienak Boli Kosta, Senegal eta Gineakoak dira.
Itsas Salbamendu Humanitarioko iturriek EITB Mediari egindako adierazpenen arabera, denak "onik" daude
Gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Italiako Gobernuak Civitavecchiako portuan, Erromatik gertu, lehorreratzeko baimena eman zien eta bi egun behar izan dituzte hara heltzeko. Itsas Salbamendu Humanitarioaren hitzetan, "egoera horrek erreskatatutako pertsonen sufrimendua areagotzen du, hilabeteak edo urteak baitaramatzate migratzen, eta eskubideak maiz urratu dizkiete".
Horren hitzetan, Itsasoko Giza Bizitzaren Segurtasunerako Nazioarteko Hitzarmenaren (SOLAS delakoa, 1974koa) arabera, erreskate kasuetan ontzitik gertuen dagoen portuan eman beharko da lehorreratzeko baimena, onik ateratako pertsonak itsasoan ahalik eta denbora gutxien egon daitezen. Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu du Italiako Gobernua "sistematikoki" ari dela arau hori urratzen.
Mediterraneora buelta
Isa Egiguren Aita Mari ontziko bozeramaileak Euskadi Irratian egindako adierazpenetan kontatu duenez, "dena ondo badoa", gaur gauean Mediterraneora itzuliko dira berriz ere. Hala, lehen aldia litzateke egun bakarrean "misio bikoitza" egiten dutela.
Izan ere, orain arte, erreskate bat egin eta pertsona horiek lehorreratu ondoren, beti itzultzen ziren euren "kanpo basera" baina oraingoan, itzuli ordez, berriro ere Mediterraneorantz itsasoratuko dira, beste erreskate bat egiteko esperantzan.