Gizartea -
Eguraldia
Udaberri beteko larunbataren atzetik, igande lainotsuagoa baina epela
Eguerdi partean eguzkiak berotuko du, baina lehen orduak hotzak izango dira, batez ere Araban eta Nafarroan, eta ez da baztertzen izotza egitea. 20 gradu zentigraduren inguruan kokatuko dira maximoak larunbatean, eta 15era jaitsiko dira igandean.
EITB Media
Ostiral eguzkitsu eta bero baten ondoren, eta udaberria iristeko hilabete pasatxo falta den arren, larunbatean udaberri beteko eguraldiaz gozatu ahal izango da euskal lurralde osoan. Izan ere, lehen orduak hotzak izango badira ere (barnealdean izotza egingo du, batez ere Araban eta Nafarroan), eguzkia nagusituko da goizean. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta horri esker, 20 ºC-ren bueltan geldituko dira maximoak isurialde atlantikoan, eta 15 ºC-ren bueltan edo hortik gora, barnealdean. Itsasertzean, brisa apur bat altxa liteke arratsaldeko lehen orduetan.
Igandean, hodei-masa baxu bat igaroko da Euskal Herritik, eta zerua estaltzen joango da, batez ere ipar partean. Araba eta Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, berriz, hodeiguneak agertuko badira ere, ostarte zabalak izango ditugu. Haizea iparraldetik finkatuko da, eta, horrekin batera, tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira isurialde atlantikoan, 15 ºC-raino, eta hegoaldean ez da aldaketa handirik izango.