Gizartea -
''Bai bakarrik da bai'' legea
Zer aldatuko da "bai bakarrik da bai" legean PSOEren proposamenaren ostean?
Espainiako Gobernuaren alde sozialistaren arabera, baimenaren ideia ez da aldatuko zigorren tarteak igota, baina Unidas Podemosek uste du zigorrak berriro indarkeria edo larderia egotearen arabera neurtzeak legeak ekarritako aldaketa indargabetuko duela.
M. D. | Agentziak | EITB Media
PSOEk lege proposamen bat erregistratu du "bai bakarrik da bai" legea erreformatzeko, aurreko zigorrak berreskuratzeko asmoz. Erreforma berriak ez du adostasunik izan Gobernuaren baitan, Sexu Askatasunaren Legeak ez bezala; izan ere, Gobernuaren ekimen guztiak bezala, Ministroen Kontseiluan onartu zen hasieran, bi sektoreen babesarekin, Unidas Podemosen Berdintasun Ministerioaren eta PSOEren Justizia Ministerioaren eskuetatik igaro ondoren.
Gobernuaren alde sozialistak egindako proposamen berriaren helburua da "bai bakarrik da bai" legearen aurreko zigorrak berreskuratzea sexu erasotzaileentzat, betiere indarkeria edo larderia badago edo biktimaren borondatea deuseztatu bada.
Zehazki, 1-5 urteko zigorra berreskuratzen du sarketarik ez dagoenean, eta 6-12 urtekoa sarketa dagoenean, baldin eta kasu horietan "indarkeria edo larderia erabiliz egiten bada, edo biktimak edozein arrazoirengatik deuseztatuta badu bere borondatea".
PSOEk legearen lehen bi puntuei eusten die: "Adostasuna dagoela ulertuko da bakarrik, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, pertsonaren borondatea argi eta garbi adierazten duten egintzen bidez eta askatasunez adierazten denean", eta "sexu erasotzat hartuko dira, nolanahi ere, baten indarkeria edo larderia erabiliz edota nagusitasun edo biktimaren kalteberatasun egoera aprobetxatuta egiten diren sexu egintzak, baita senik gabe dauden biktimei egiten zaizkienak edo biktimak edozein arrazoirengatik deuseztatzen dituztenak ere".
Baina puntu berri bat jasotzen du, honako hau sartzeko: "Erasoa indarkeria edo larderia erabiliz egin bada, edo biktimaren borondatea edozein arrazoirengatik deuseztatuta badago, erantzuleari 1-5 urteko espetxe zigorra ezarriko zaio".
PSOEk ere indarkerian jarri du arreta 179. artikulua aldatzeko. "Bai bakarrik da bai" legearen barruan 4-12 urteko zigorra jasotzen bada sarketa bidezko erasoetarako (bortxaketa), sozialistek gaineratu dute bortxaketa horren zigor tartea, indarkeria eta larderia barne hartzen baditu, 6-12 urtekoa izango dela, 2010ean bezala.
Zer gertatuko da baimenarekin?
Justizia Ministerioko iturriek EFEri azaldu diotenez, aldaketa hori egin dute onartuz indarkeria eta larderia sexu erasoaren oinarrizko tipo penalaren barruan azpimota bat direla. Horrela, ez dira berriro bereizten abusua eta bortxaketa, eta baimenaren ideia ez da ukitzen; izan ere, azaldu dutenez, 178. artikuluan jasotako lehen bi puntuen arabera, indarkeria frogatzen duenak ez du baimenik frogatu beharko.
"Bai bakarrik da bai" legeak "adostasuna erdigunean" jarri zuen, Gobernuaren hitzetan. Hori dela eta, sexu abusuaren eta erasoaren tipo penalak batu eta zigor tarteak zabaldu zituen. Helburua zen prozesu judizialetan ez neurtzea biktimaren indarra edo erresistentzia, baizik eta onartu ote zuen ala ez, besterik gabe.
Oraingo aldaketaren zioen azalpenaren arabera, PSOEk ez du aldatu baimenari dagokiona, tarteen aldaketek ez baitiote eragiten "arauaren bihotzari, baimenaren definizioari eusten baitzaio, eta, beraz, sexu askatasunaren aurkako delituen erregulazioaren funtsari". Testuaren arabera, "legea biktimen alde blindatu" besterik ez dute nahi, "kasu larrietan zigor txikiak ezartzeko aukerarik egon ez dadin".
Hala ere, Berdintasun Ministerioaren ustez, zigorrak "indarkeria edo larderia" egotearen arabera berriro neurtzeak legea indargabetzen du eta baimenak arauean duen eginkizun nagusia deuseztatzea dakar.
Isa Sierra Podemoseko bozeramaile eta Berdintasun Ministerioko kideak defendatu duenez, "sexu erasoa egoteko indarkeria egotea eskatzen den unetik, aurreko eredura itzultzen da; legea bertan behera uzten duen atzera-buelta bat da. Emakume bati ez zaio galdetu behar ea aurre egin zion, baizik eta ea onartu zuen; eta biktimak ezetz erantzuten badu, hori sexu indarkeria gisa ulertzen da. Indarkeria edo larderia astungarriaren formula erabiltzen bada, biktimari aurre egitea eskatzen zaio biktimatzat hartzeko, eta hori atzerapausoa da".
Adostasunez egindako beste aldaketa batzuk
Justiziaren arabera, PSOEk erregistratutako lege proposamenean sartu dituen beste neurri batzuetan adostasuna lortu da. Horietako batek adingabeen erantzukizun penala doitzearekin du zerikusia.
Ministerioak azaldu duenez, zigorrak egokitu egin dira, kasu batzuetan adingabeek helduek baino zigor handiagoak jasotzen zituztelako, hori Konstituzioaren aurkakoa baita. Lehengusuak ahaidetasun astungarrien artean sartzea ere adostu dute.