Gizartea -
Itsas salbamendua
Aita Marik alegazioak aurkeztuko dizkio dozenaka mila euroko isuna ezartzea ekar diezaiokeen espedienteari
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, salbamendu ontziak geldiarazteko kanpaina politikoaren baitan kokatu behar da auzia.
EITB Media
Aita Mari euskal erreskate ontziak alegazioak aurkeztuko dizkio Espainiako Gobernuak zabaldu dion zigor espedienteari, izan ere, aurrera egingo balu 80.000 euro arteko isuna jaso lezake 2020an ontziari egindako ikuskapen batean atzemandako hainbat "irregulartasun" tarteko. Hasieran, isun hori milioi bat eurokoa izan zitekeela zabaldu da. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak dio salbamendu ontziak geldiarazteko kanpaina politikoaren baitan kokatu behar dela ikuskapen hura eta ez zela segurtasunarekin lotutako auzia izan.
"Jaso dugun zehapen espedientearen jakinarazpena 2020an Palermon izan genuen ikuskapenaren ondorioz abiatutako administrazio prozesu arrunt bati dagokio" Aita Mari kudeatzen duen Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak ziurtatu duenez. "Ikuskapenaren ondorioz, ontzia gelditu egin zen, Italiako Gobernua erreskateko flota zibilaren salbamendu ontziak geldiarazteko egiten ari zen kanpaina hartan".
Erreskate ontziak geldiarazteko helburuz Italiako Gobernuak abiatu zuen "kanpaina politikoaren" barruan kokatu du ikuskapen hura Iñigo Mijangos presidenteak, eta gaineratu du ez zela segurtasunarekin lotutako auzia izan.
Halaber, argitu nahi izan du ez duela zerikusirik itsasontziaren beraren ikuskatzearekin. Azaldu duenez, datorren asteartean egingo diote ikuskaritza eta, gauzak ondo, gainditzea eta aparteko arazorik gabe itsasoratu ahal izatea espero du.
Valentziako (Espainia) Kapitaintza Orokorrak atzo jakinarazi zion ontziaren jabeari, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeari, zigor espedientea zabalik duela.
Auzia 2020ko maiatzean abiatu zen, Aita Mari Italiako uretan erreskate misio bat egiten ari zenean. Palermoko (Italia) portuko agintariek ikuskaritza egin zuten ontzian "hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo" atzeman omen zituzten. Ondorioz, 49 egunez atxikita izan zuten Palermoko portuan. Itsas Salbamendu Humanitarioak orduan azaldu zuenez, ontziak ez zuen segurtasun arazorik, eta detektatutako arazoak "dokumentalak" zirela eta ziurtagiri guztiak indarrean zituela azpimarratu zuen.
Prozesuak, baina, bere bidea egin zuen. Espainiako agintariek prozedura administratiboa abiatu zuten, eta atzo, ia hiru urte geroago, zigor espedientea zabaldu zuten.
Isuna zaplaztekoa izan daiteke bederatzigarren misioaren atarian dagoen elkarte humanitarioarentzat.
60.000 eta 80000 euro arteko isuna
Nolanahi ere, Merkataritza-nabigazioko Zuzendaritza Nagusiak azaldu duenez, "aurrekari ia berdinengatik", 60.000 eta 80000 euro arteko isuna izan daiteke, eta % 40 gutxiago, ontziaren titularrak "gertakariak onartu eta ordaintzen badu". Hala, "gaur hedabideetan zehapenaren zenbatekoari buruz agertzen den informazioa ez dator bat errealitatearekin, legean aurreikusitako gehieneko zenbatekoak baino ez baititu kontuan hartzen", ziurtatu du.
Ildo horretan, erakundeak jakinarazi du azken 10 urteetan gutxienez 12 zehapen-espediente ireki zaizkiela atzerriko portuetan ibilgetutako Espainiako beste ontzi batzuei.
"Ohiko prozedura da, eta, hain zuzen ere, une honetan beste hiru zehapen-espediente ireki zaizkie atzerriko portuetan atxikitako Espainiako beste horrenbeste ontziri. Hau da, ez da gertaera isolatua, ezta aurrez pentsatua ere. Prozedura arrunta da, indarrean dagoen araudia betez", erantsi duenez.
Zehazki, Espainiako Administrazioak Aita Mariri irekitako zehapen-espedienteak Italian antzemandako zazpi irregulartasun ditu ontzia, eta, horien ondorioz, euskal ontzia ibilgetu egin zen.