Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoan

Hilketa auzoko taberna batean jazo da. Gizona atxilotu eta Ertzaintzaren esku utzi dute. Orain, Ertzaintza arduratuko da hilketa horren arrazoiak ikertzeaz. Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da auzian.

Ertzaintzako agenteak hilketaren inguruetan. Argazkia: EFE.
Ertzaintzako agenteak hilketaren inguruetan. Argazkia: EFE.
44 urteko gizon batek 45 urteko emakume bat hil du labankadaz Bilboko San Frantzisko auzoan

1:16

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

45 urteko emakume bat hil du gizon batek Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Biak ziren tabernako arduradunak. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 44 urteko ustezko egilea atxilotu dute. Gizonak berak deitu omen dio Udaltzaingoari 09:00etan.

Atxilotua Ertzaintzaren esku utzi dute, eta hura arduratuko da, orain, hilketa horren arrazoiak argitzeaz. Oraingoz ez da ezagutzen zein den biktimaren eta erasotzailearen arteko harremana.

11:00ak aldera San Frantzisko kaleko ingurua oraindik itxita zegoen; bertaratu diren osasun-langileak ere bertan ziren, biktimaren heriotza baieztatzeko.

Erakundeen gaitzespena

Bilboko Udalak genero-indarkeria kasuetarako protokoloa aktibatu du.

Gainera, Juan Mari Aburto alkateak "gogor" gaitzetsi du "hilketa matxista tragikoa". Aburtok "elkartasuna" helarazi dio biktimaren "inguruari". Era berean, "justiziaren jokabide sendoa" eskatu du, "eredugarria izan dadin".

Halaber, Aburtok jakinarazi duenez, bihar, osteguna, eguerdian, elkarretaratzea deitu du Udalak, eta herritarrak bertan parte-hartzera deitu ditu. Osoko bilkuran minutu bateko isilunea egin aurretik, alkateak aurreratu du Udala herri akusazio gisa aurkeztuko dela, gaurko hilketa argitzeko auzian.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, ohar batean berretsi duenez, "emakumeen aurkako indarkeria oro, hala nola mespretxuak, umiliazioak eta jokabide iraingarriak, desagerrarazteko erabaki irmoa hartu du, hilketa matxistaren oinarria baitira", eta nabarmendu du "beharrezkoa dela matxismoaren gehiegikeriei aurre egitea eremu guztietan, pribatuan zein publikoan, jarduera eremu bat bera ere alde batera utzi gabe".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo albisteak Tratu txarrak gaur Gizartea bideoak Indarkeria matxistaren biktimak Gaurko azken orduko albistea