Gizartea -

Osakidetzaren egoera

Loli Garcia: "Urtarrilean mobilizazio handi baterako deia egingo dugu"

CCOO sindikatuko idazkari nagusiak Radio Euskadin esan duenez, zerbitzua "hondatzen ari da eta herritarrek sumatzen dute hori". Azaldu duenez, mahai sektorialean sindikatuek proposamenak egiten dituzte "baina ez dago borondaterik Osakidetzaren partetik".

Loli García, CCOO-Euskadiko idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media
Loli García, CCOO-Euskadiko idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media
Loli García, CCOO-Euskadiko idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media

Isusko A.B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Loli Garcia, CCOO-Euskadiko idazkari nagusia, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da aktualitatearen errepasoa egiteko.

Hainbat kezka iturri ditu sindikatuak une honetan: Osakidetza, Bizkaiako metalaren egoera -CCOO egoera hobetzeko planteamendua egiten ari da han-, Bizkaibus, eta abar. "Bizkaiko metala, etxerako laguntza edo Bizkaibusena bezalako gatazkak ditugu zabalik; gatazka asko zabalik direla amaituko dugu urtea", azaldu du Garciak.

ELAk aipatzen duen greba orokorrari buruz galdetuta, Loli Garciak dioenez, "ELA sindikatuak txurroak bezala deitzen ditu grebak, presioa egiteko tresna baliagarriak dira, hobekuntzak lortzeko, baina hori landu egin behar da, baldintzak aztertu. Ez gaude greba orokorrak egitearen alde momentu honetan, behar gehien dagoen tokietan sektore-grebak egiteko baizik".

Osakidetzaren egoerari dagokionez, idazkari nagusiak iragarri duenez, "urtarrilean mobilizazio handi baterako deia" egingo du sindikatuak, "herritarrek eta sindikatu guztiek parte hartu dezaten".

"Osakidetzan gerta daitekeena gertutik jarraituko dugu, planifikatu egin behar da, arazoak aztertu, pauso bat aurretik joan. Zerbitzua hondatzen ari da eta herritarrek nabaritu egiten dute hori". Azaldu duenez, mahai sektorialean sindikatuek proposamenak egiten dituzte "baina ez dago borondaterik Osakidetzaren partetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eguneko albisteak CCOO Burdingintza