Gizartea -

Familien Legea

Espainiako Gobernuak Familien Legea onartu du; senide bat zaintzeko, urtero ordaindutako bost egun izango dira

Izatezko eta ezkondutako bikoteen eskubideak parekatu egiten ditu, familia ugarien onurak bi seme-alaba dituzten familia gurasobakarrei ere emango dizkie, eta debekatu egiten du gurasoek seme-alabei ukatzea aniztasunaren gaineko edukiak jasotzeko aukera, hezkuntza zentroetan, guraso betoa baliatuz.

Hainbat pertsona, parke batean. Argazkia: EFE.
Hainbat pertsona, parke batean. Argazkia: EFE.
Familien Legeak ordaindutako bi baimen berri aurreikusten ditu familien kontziliazioa bultzatzeko

1:08

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Familien Legea onartu du asteartean. Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak proposatutako lege proiektu horrek urtero ordaindutako bost egun aurreikusten ditu senide edo bizikide bat zaintzeko, izatezko eta ezkondutako bikoteen eskubideak parekatu egiten ditu, familia ugarien onurak bi seme-alaba dituzten familia gurasobakarrei ere emango dizkie, eta debekatu egiten du gurasoek seme-alabei ukatzea aniztasunaren gaineko edukiak jasotzeko aukera, hezkuntza zentroetan, guraso betoa baliatuz.

Ione Belarra Eskubide Sozialeko eta Agenda 2030eko espainiar ministroak adierazi duenez, lege hori "historikoak diren gabeziak" zuzentzen hasiko da, eta "familia guztien babesa indartu egiten du". Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Belarrak nabarmendu du Familien Legea "urte politiko honetako legerik garrantzitsuenetakoa" dela.

"Seme-alabak dituen edo norbait umeren bat hazten ikusi duen edonork jakin badaki Espainian lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea zein zaila den; ia zientzia fikzioa da", esan du Belarrak. Haren iritziz, orain arte, gurasoei eskatu zaie "superheroiak" izatea: "Hemendik aurrera, soilik gurasoak izan daitezela eskatuko zaie, hori nahikoa da eta".

Legeko testuak oinarrizko lau oinarri nagusi ditu: familientzako babes soziala handitu eta hazkuntza babestea, kontziliazio eskubidea bermatzeko bidean aurre egitea, espainiar Estatuan dauden familia mota guztiak erabat aitortzea, eta umeen eta nerabeen eskubideak onartu eta babestea.

Familientzako babes sozialari dagokionez, 0-3 urte arteko seme-alabak dituzten familia gehiagori emango dizkiete hilero 100 euro, hazkuntzarako; espainiar Gobernuaren kalkuluen arabera, horrek 200.000-250.000 ama berriei ekarriko die onura. Ama hauek guztiak sartuko dira tartean, neurria indarrean sartuta: langabezia saria jasotzen ari direnak (kontributiboa zein ez kontributiboa), eta, halaber, nahiz eta aldez aurretik baldintzak ez bete, erditu eta gero 30 egun kotizatzen dutenak. Horrez gain, enplegu partziala edo aldi baterakoa duten emakumeek ere prestazioaren % 100 jasoko dute.

"Hazkuntzarako babeserako behar handiagoak dituzten familiak" izena sortu dute, gainera. Horietan, "familia ugariak" daude, bai eta bi seme-alaba dituzten familia gurasobakarrak ere. Hauek ere sartuko dira izendapen horretan: bi seme-alaba eta desgaitasunen bat duen aurreko edo ondoko bat dituzten familiak, genero indarkeriako biktima bat buru duten eta bi seme-alaba dauden familiak, elikagai pentsiorako eskubiderik gabeko zaintza esklusiboa eskuratu duen guraso bat buru duten eta bi seme-alaba dauden familiak, eta urtebetez ospitalean izandako edo kartzelan sartutako guraso bat eta bi seme-alaba dituzten familiak.  

Bestalde, sortutako izendapen horretan, "maila berezia" izango dute familia hauek: orain arte maila arrunteko familia ugariak (lau seme-alaba dituztenak kasu, ez bost dituztenak, orain arte bezala), hiru seme-alabako familiak, erditze anizkuna izatekotan (ez lau seme-alabakoak, orain arte egin dutenez), eta hiru seme-alaba eta diru-sarrera txikiak dituzten familiak (hau da, IPREM indizearen % 150eraino. IPREM indizea laguntzak, dirulaguntzak edo langabezia prestazioa emateko baliatzen dute).

Zaintzarako hiru baimen

Kontziliaziorako eskubidea bermatzeaz, legeak hiru zaintza baimen sortu ditu: horietako bat da urteko ordaindutako bost eguneko baimen bat, bigarren gradurainoko senide bat edo bizikide bat zaintzeko. Langileek istripu edo gaixotasun larria izatekotan baliatuko ahalko dute, bai eta ospitaleratzea edo atsedena behar duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa izanez gero. Gainera, zortzi asteko guraso baimena ere emango dute; hori modu jarraian edo ez jarraian erabili ahalko dute, adingabeak zortzi urte bete arte. Eta, azkenik, familia arrazoiren batengatik eta ezinbesteak bultzatuta eskatu ahalko den baimena, segidako arreta eskatzen duten kasuetarako: urteko ordaindutako lau egunekoa izango da, eta orduka erabili ahalko da.

Gainera, jaiotzagatik eta zaintza ez kontributiboagatik emandako subsidioa adoptatzaileek eta harrera familiek ere lortu ahalko dute; zurztasun pentsioa urtebetez handituko da, 26 urteetaraino, eta, desgaitasun kasuetan, minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzeko baimena 26 urteetaraino luzatuko dute.

Familia mota guztiak onartzeaz, legeak aurrera egiten du ezkondutako bikoteen eta izatezko bikoteen eskubideen arteko parekatzean. Izatezko bikoteek, besteek bezala, 15 eguneko baimena izango dute, erregistroa eginda.

Legeak, halaber, marko berria sortzen du onartu eta babesteko LGTBI familiak, desgaitasunen bat duen kideren bateko familiak, familia anizkunak, familia berreraikiak, adopzio familiak eta harrera familiak. Hain zuzen ere, familia anizkunak, alegia, aldi berean hainbat seme-alaba dituztenak, babes bereziko gizataldetzat joko dituzte, eta ezkonduta ez dauden bikoteen seme-alabak umeduna ez den gurasoak erregistratu ahalko ditu.

Legeak debekatu egiten die gurasoei eta tutoreei izan dezatela aukera umeek familia aniztasunaren gaineko edukiak jasotzea saihestea, hezkuntza zentroetan (guraso betoa erabiliz egin lezakete, bestela). Elikagaiak Ordaintzeko Berme Funtsa ere hobetuko da: tramiteak arinagoak izango dira, eta izatezko bikoteen seme-alabek ere onura izango dute, bai eta desgaitasuna duten adinekoek eta mendekotasun egoeran daudenek ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Umeak