Gizartea -

Esplotazioa

Pertsonen salerosketari buruzko legearen gakoak: kartzela zigorra ustiapenaz baliatzen direnentzat

Ministro Kontseiluak aurreproiektua onartu du, eta espetxe zigorrak planteatu ditu esplotazioaren biktimen zerbitzuak edo prestazioak erabiltzen dituztenentzat. Biktimek erraztasunak izango dituzte haien egoera erregularizatzeko.

Prostituzioa abolitzearen aldeko manifestazioa.
Prostituzioa abolitzearen aldeko manifestazioa.
Prostituzioa abolitzearen aldeko manifestazioa.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako pertsonen salerosketaren aurkako lege integralaren aurreproiektuak sei hilabetetik lau urtera arteko espetxe zigorrak ezartzen ditu biktimen zerbitzuak edo prestazioak erabiltzen dituenarentzat. Horien artean prostituziora behartuta dauden emakumeak nabarmentzen dira. Biktimei laguntza integrala bermatzen die, behin behineko bizileku eta lan baimenekin.

Ustiapen moduen artean honakoak aipatzen ditu legeak: esklabotza, morrontza eta nahitaezko lan edo zerbitzuak, eskekotasuna, sexu edo ugalketa zerbitzuak, organoak edo ehunak erauztea eta ezkontzak edo izatezko elkartze behartuak.

Zigor arloko erreformak

Aurreproiektuak gizakien salerosketaren jazarpena eta esplotazioaren inguruko delituak berrantolatzen eta zehazten ditu Zigor Kodean, nahitaezko lanen, morrontzaren eta esklabotzaren delituak tipifikatzen ditu.

Ustiapenaz baliatzea ere tipifikatzen da. Horrela, adibidez, salerosketaren biktima batek emandako sexu zerbitzuak erabiltzen dituenari urtebetetik lau arteko espetxealdi zigorra ezartzea aurreikusten da.

Biktimak aitortzeko prozesua

Aurreproiektuak mekanismo bat sortzen du biktimak detektatu, identifikatu eta babesteko. Inola ere ez dira behartuta egongo salaketa jartzera edo ikerketa penalean parte hartzera.

Zantzuak ikusten direnean, biktima lehen harrerako zentro batera bideratuko da, eta identifikazio formaleko prozedura hasiko da.

Atzerritarrei buruzko legearen erreforma

Lege hori erreformatuta, paperik gabeko biktimek aldi baterako bizileku eta lan baimena eskatu ahal izango dute. Gaur egungo legean, Poliziarekiko lankidetza lehenesten da.

Aurreproiektuak biktimak beren jatorrizko herrialdeetara borondatez itzultzearen alde egiten du.

Eskubideak eta kalte ordainak

Biktimek jasoko duten laguntzaren artean, ostatu egokia eta segurua, bizirauteko oinarrizko baliabideak, laguntza medikoa eta psikologikoa, gizarte laguntza eta lege aholkularitza daude. Pribatutasuna eta nortasuna babestuko dira, eta doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea izango dute.

Behin betiko identifikatu ondoren, eskubidea izango dute gizarteratzeko eta laneratzeko, bizitzeko gutxieneko diru sarrera eskuratzeko eta kalte ordain ekonomikoa jasotzeko; hori esplotatzaileengandik lor dezakete, prozesu penalaren barruan.

Sentsibilizazioa eta ikuskatzaile espezializatuak

Kontzientziaziorako neurri espezifikoak planteatzen dira, batez ere ezkutuko ekonomiako sektore batzuetan, hala nola etxeko zerbitzuan edo ostalaritzan, baita lan ikuskatzaileen prestakuntza ere

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak