Gizartea -

LEHEN KRIMEN ARRAZISTA DEITUA

Hiru hamarkada bete dira arrazistek Lucrecia Perez hil zutenetik

Lau pertsona, tartean guardia zibil bat, zigortu zituzten gazte dominikarraren hilketa egotzita. Espainiako Estatuan krimen arrazista gisa epaitu zen lehenengo kasua izan zen.

Omenaldia Lucrecia Perezi. Argazkia: Efe
Omenaldia Lucrecia Perezi. Argazkia: Efe
Omenaldia Lucrecia Perezi. Argazkia: Efe

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, azaroak 13, 30 urte bete dira Lucrecia Perez 32 urteko emakume dominikarra tiroka hil zutela guardia zibil batek eta beste hiru pertsonak, Madrilen.

Lucrecia Perez Espainiara iritsi eta hilabete batera hil zuten. Krimenak xenofobiaren inguruko "katarsia" eragin zuen Espainiako Estatuan, Juan Bolivar Dominikar Errepublikak Espainian duen enbaxadorearen arabera; izan ere, Estatuan krimen arrazistatzat hartu zen lehenengo hilketa izan zen.

Luis Merino Perez guardia zibilak eta hiru adingabek hil zuten tirokatuta etxerik ez zuten migratzaileak gotortzen ziren abandonatutako dantzaleku batean. Migratzaileak "ehizatzera" joan ziren lauek 126 urteko kartzela-zigorra jaso zuten guztira.

Krimenak Espainiako Estatuan arrazakeriaren aurka izan diren mobilizazio handienak eragin zituen, eta Euskal herrian ere sona handikoa izan zen Iruñean egindako manifestazioa.

Giza eskubideen aldeko mugimenduetatik salatu zuten Espainiako Atzerritar Legeak eragindako giroaren ondorioz gertatu zela hilketa. Legeak migratzaileak kriminalizatzen zituela eta horrek herritarren errefusa pizten zuela argudiatzen zuten.

Euskal Herrian, hilketa izan eta bost urtera, elkartasun keinuek aurrera jarraitzen zuten, kasu honetan forma artistikoarekin gainera, Fermin Muguruza eta Dut taldeak 'Lucrezia' abestia eskaini baitzion gazte dominikarrari.

Omenaldia Aravacan

Osa Mayor Aravacako Bizilagunen Elkarteak eta Rosa Luxemburgo Kultur eta Kirol Elkarteak Lucrecia Perez omentzeko ekitaldia antolatu dute gaur 13:00ean.

Plaza de la Corona Borealen izango da omenaldia, Aravaca erdigunean, krimena gertatu zenean dominikar ugari elkartzen zen lekuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Espainia Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Krimenak azken ordukoa Dominikar Errepublika gaur