Gizartea -
GALIZIA
Adifek aurkeztutako bideoa onartu du epaileak Alviako istripuaren epaiketan
Makroepaiketaren lehen egunean, aurretiazko arazoak argitu dituzte. Akusatuen aulkian makinista eta Adifeko segurtasun zuzendari ohia eseriko dira duela bederatzi urte 80 hildako eta 145 zauritu eragin zituen tren ezbeharrarengatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Angroisen (Galizia) tren istripua gertatu eta 9 urtera, gaur hasi da Santiagon gertaturikoa argitzeko epaiketa. 2013ko uztailaren 23ko ezbeharrean 80 pertsona hil, eta 145 lagun zauritu ziren.
Francisco Garzon makinista eta Andres Cortabitarte Adifeko segurtasun zuzendari ohia eseriko dira akusatuen aulkietan. 80 homizidio delitu, 145 lesio delitu eta beste kalte delitu bat egozten dizkiete arduragabekeria profesional larriagatik. Erantzukizun zibil gisa 57,69 milioi euroko kalte ordaina eskatu diete.
Ahozko epaiketa bera hasi baino lehen aurretiazko arazoak argitzeko eguna izan da gaurkoa. Elena Fernandez epaileak Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, Adifek aurkeztutako azken bideoa onartzea erabaki du, "alderdi baten froga" gisa. Epaiketako alde gehienak aurka agertu dira.
Francisco Jose Gonzalez Losada akusazioaren abokatuak salatu duenez, bideoaren helburua Andres Cortabitarte errugabetzea eta gertatutakoa makinistari egoztea da. Biktimen Plataformako abokatuaren iritziz, bideoak ez ditu betetzen legezko froga izateko baldintzak. Kritiken aurrean, Estatuaren abokatuak, Adif ordezkatzen duenak, bideoaren balioa defendatu du. Horren esanetan, "azalpen-dokumentu grafiko" bat baino ez da, eta ez istripuaren egunean gertatu zenaren "erreprodukzioa".
Bestalde, epaileak errefusatu egin ditu Estatuko Abokatutzak epaiketan parte hartzeagatik egindako eskaria. Francisco Garzonen abokatuak "interes gatazka" salatu du, besteak beste, Estatuko Abokatutzak Adifekin eta Renferekin hitzarmenak dituelako.
Esther Mateo teknikariaren errekusazioa ere gaitzetsi du epaileak. Orain, Adifeko Segurtasuneko zuzendari nagusia denak epaiketan deklaratuko du.
Aurretiazko arazoak ebatzita, bihar ekingo diote ahozko epaiketari makinistaren deklarazioarekin. Aurreikuspenak betetzen badira, bigarren akusatuak, Adifeko segurtasun zuzendari ohiak, ostiralean deklaratuko du.
Zigor eskariak
Fiskaltzak eta biktima gehienak ordezkatzen dituen plataformak lau urteko kartzela zigorra eskatzen dute makinistarentzat eta Adifeko segurtasun zuzendari ohiarentzat.
Manuel Prieto Defentsa abokatuak, ostera, absoluzioa eskatzen du. Horren arabera, ezbeharra gertatzeko "gakoa" izan zen Ourense eta Santiago arteko linean "arrisku analisirik eta segurtasun neurririk" ez izatea.