Gizartea -

Iparralde

Luxuzko apartamentu-eraikin bat okupatu dute Angelun etxebizitzaren egoeraren gainean ohartarazteko

Ostia kolektiboko kideek hiru egun daramatzate bertan, eta ez dute bukaera-eperik. Lapurdi kostaldeko agintariekin bildu nahi dute Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren arazoari irtenbideak bilatzeko.

Ostia kolektiboko kideak, okupatutako eraikinean. Argazkia: Ostia Sarea Twitter
Ostia kolektiboko kideak, okupatutako eraikinean. Argazkia: Ostia Sarea Twitter
Ostia kolektiboko kideak, okupatutako eraikinean. Argazkia: Ostia Sarea Twitter

AINIZE BUTRON | T.S.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostia kolektiboko kideek hiru egun daramatzate Angeluko luxuzko apartamentu-eraikin bat okupatzen Ipar Euskal Herriko etxebizitzen arazoaren gainean herritarrak eta erakundeak ohartarazteko asmoz.

Ez diote mugarik jarri okupazioari, Oronoz Ostia kolektiboko kide batek Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan baieztatu duenez. "Hor egoteko asmoa dugu, momentuz ez dugu bukaera eperik", adierazi du.  

Lapurdi kostaldeko ordezkariei, diputatuei eta hautetsiei luzatu diete gonbidapena haiekin biltzeko eta etxebizitza arazoaz hitz egiteko. Momentuz erantzunik gabe daude, baina ez dute amore emateko asmorik.

Bitartean, deia zabaldu diete herritarrei, "jende guztia ongi etorria baita". Gainera, euren aldarrikapenen ikusgarritasuna lortze aldera, ez dute baztertzen beste motatako ekintzak gauzatzea astean zehar.

Konpentsazio Legea

Ipar Euskal Herriko etxebizitzak asko garestitu dira azken urteetan turismoak eta espekulazioak jota. Etxebizitza merkatuaren prezioak baretzeko helburuz, Euskal Hirigune Elkargoak bizitegi turistikoak arautzeko onartutako konpentsazio sistema bertan behar utzi zuen joan den ekainaren 4an Paueko Auzitegiak.

Araudiaren helburua etxebizitza turistikoen hazkundea mugatzea zen, eta, horretarako, hainbat baldintza ezartzen zizkien etxebizitza turismo merkatura atera nahi zuten jabeei. Zorrotzena, agian, pisu edo etxebizitza bat turismora bideratu nahi duenak urte osoko alokairura atera behar duela beste etxebizitza bat.

Elkargoak martxoan onartu zuen neurria Ipar Euskal Herriko 22 herritarako; Lapurdi kostako herri guztiak tartean, eta ekainaren 1ean sartu zen indarrean. Etxejabeen Kolektiboak salaketa aurkeztu zuen neurriaren kontra, eta Paueko Auzitegiak arrazoia eman die orain azken horiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Gizartea albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Lapurdiko berriak Higiezinen merkatua gaur Okupak