Gizartea -
MIGRAZIOA
Bidasoa ibaian hil den pertsona 25 urteko ginearra da
Gorpua goizeko lehen orduan erreskatatu dute, Behobiako zubiaren eta Faisaien uhartearen artean. Gaztea maiatzaren 12an iritsi zen Arrecifera (Lanzarote). Auzitegi medikuak astelehenean egingo dio autopsia.
EITB MEDIA
Pertsona migratzaile baten gorpua atera dute gaur goizean Bidasoa ibaitik, Behobia parean, Irun eta Hendaia artean. Hatz-markei esker, Abderrman Bas, 25 urteko ginearra, dela hildakoa jakin da. Urtebetean Bidasoa ibaian hil den zazpigarren pertsona da Bas.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak adierazi duenez, gaztea maiatzaren 12an iritsi zen Arrecifera (Lanzarote). Gorpua egoera onean aurkitu dute, eta horregatik, heriotza lehenxeago geratu dela uste dute ikertzaileek.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadirako ordezkariak dolumina agertu du bere sare sozialetan: "Giza drama berri bat Bidasoan. Babes bila datozen pertsona migratzaileek heriotza aurkitzen dute Europako mugetako batean" idatzi du Twitterren.
Eskerrak eman dizkio Guardia Zibilari operazioagatik eta "migrazio-fluxu seguruak, legezkoak eta ordenatuak" behar direla adierazi du.
Auzitegi medikuak astelehenean egingo dio autopsia.
Legarreta: "Frantziako poliziaren kontrol arrazistek eragin dute drama hau"
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak adierazi du Frantziako poliziak Irungo mugan egiten dituen kontrol "selektibo eta arrazistek" eragiten dituztela "egoera dramatiko" hauek. Frantziak ezartzen duen kontrol horrek "seguruak ez diren bideak erabiltzera behartzen ditu pertsona horiek eta, kasu batzuetan, heriotza eragiten du erabaki horrek".
Bermeon egindako ekitaldi batean parte hartu ondoren, Legarretak migratzaileentzako "korridore seguruak" defendatu ditu berriro ere: "Eusko Jaurlaritzatik, beste behin ere, ibilbide eta korridore seguruak eskatzen ditugu" berretsi du.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "egiturazko neurriak" eskatu ditu, migratzaileek "beren bizitza eta etorkizuna" arriskuan jar ez ditzaten. Olanok esan du gertatutakoa "giza drama" dela, eta Gipuzkoa ezin dela "ohitu" horrelakoetara. Horregatik, "premiazkotzat" jo du "korridore seguruak irekitzea" Europan "bizi-proiektu bat eraiki nahi dutenen migrazio-igarobiderako".
Elkarretaratzea egingo dute bihar Irunen
Agente sozialek ere ekidin zitekeen drama dela berretsi dute. Euskadi Irratian elkarrizketatuta, Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak esan du "beldur zirela" horrelako zerbait gerta zitekeela. Izan ere, jende ugari iritsi da azken aldian bertara eta pertsona migratzaile asko ibaia gurutzatzen ari zirela bazekiten, oso arriskutsua izan zitekeela ohartarazi arren. "Frantziaren kontrol arrazista eta ilegalen ondorioz" gurutzatzen dutela ibaia azaldu du Mendigutxiak eta euskal Administrazioari eskatu dio "kontrolak kentzeko presioa egin dezala"
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako, San Joan plazan.
Gipuzkoako SOS Arrazismoa elkarteak ere "mugako kontrolen erruz" gertatzen direla heriotza hauek salatu du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "igandeko hauteskundeetatik aterako den Frantziako Exekutiboari kontrolak kentzeko" eska diezaiola, "Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen baitan".