Gizartea -

Superilargia

Marrubi Superilargia, ekainaren 14an: ilbetea, Ilargia gertuen dagoenean, eta marrubiaren bilketa-garaian

Perigeo-garaian, hau da, Ilargia Lurretik gertuen dagoen sasoian, ilbetea dagoenean, superilargia esaten zaio. Ekaineko ilbeteak sasiko marrubiaren bilketarekin lotzen omen zuten Ipar Amerikako tribu batzuek; ondorioz, astearteko ilbetea Marrubi Superilargia izango da.

Ilbetea, Laudiotik. Iñaki Arteta eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia.
Ilbetea, Laudiotik. Iñaki Arteta eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia.
Ilbetea, Laudiotik. Iñaki Arteta eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean, ekainaren 14an, gertaera izango da Euskal Herritik 357.658 kilometrora, eta hori oso urrun bada ere aukera izango du gu ere lekuko izateko. Hain zuzen, zeruan, 13:52an (ondorengo orduetan ere izango da ikusgai), udaberri honetako azken ilbetea agertuko da, "marrubi-ilbetea". Baina, horrez gain, ez da nolanahiko ilbetea izango; izan ere, Ilargia perigeoan dagoela gertatuko da, hau da, gure planetatik gertuen dagoen egunetako batean. Hori jazotzen denean, esan ohi da "superilargia" dela. Beraz, dena kontuan hartuta, Marrubi Superilargia izango dugu zain.

NASAk bere web-orrian azalduta duenez, superilargiaren definizioari erreparatuta, urtebetean bi, hiru edo lau superilargi egon litezke ilberriarekin, eta beste hainbeste superilargi ilbetearekin. Richard Nolle astrologo estatubatuarrak (Orlando, 1950) asmatu zuen hitza; 1979an ezarri zuenez, Ilargia perigeoan dela ilberria edo ilbetea dagoenean, superilargia dago. Jakina, gauza bat gertatzen da: ilberria, ez bada Eguzkia eklipsatu egiten duela, ez dugu ikusterik. Hori dela eta, ilbeteko superilargiek bereziki pizten dute ikusmina. Gure satelite natural bakarra, une horietan, ohi baino pixka bat handiagoa eta distiratsuagoa azaltzen zaigu.

Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzian sakontzearren: NASAren web-orriaren arabera, nola Ilargiak, Lurraren inguruan, hilabeteko iraupena duen orbita eliptikoa egiten duenez, guregandik gertuen eta urrutien dauden egunak kontuan izanik, 40.000 kilometrotik gorako aldea dago. Perigeoan, Ilargiaren eta Lurraren arteko batez besteko distantzia 363.300 kilometrokoa da; urrunen dagoenean, hau da, apogeoan, aldiz, 405.500 kilometrokoa da. Arestian esan dugunez, ekainaren 14an 357.000 bat kilometrora izango dugu.

Zergatik "Marrubi Superilargia"?

Asteartean izango dugunaren lehen zatia, beraz, argituta: badakigu zergatik izango den "superilargia". Baina, zergatik bigarren zati hori? Hau da: zergatik "Marrubi Superilargia"? Hasieran kontrakoa pentsa zitekeen arren, Ilargiak erakusten duen kolorea ez da horren arrazoia; hori bai, NASAk berak dio, Interneten argitaratuta duen artikulu batean, ekainaren ilbetea hilaren amaieran izatekotan ohi baino "baxuago" izaten dela ikusgai zeruan, eta horrek, batzuetan, arrosa-koloreko kutsua eman diezaiokeela.

Oraingoan, baina, ilbetea ekainaren erdian izango da. Beraz, "marrubiaren" kontua marrubiarekin berarekin lotu behar omen dugu; izan ere, maiatza eta ekaina dira sasiko marrubiak biltzeko garai onena, eta horregatik, dirudienez, Ipar Amerikako tribu batzuek izen hori eman zioten ekaineko ilbeteari: marrubi-ilbetea.

Beraz, ekainaren 14tik 15erako gauean (gainera, urteko laburrenetakoa izango da), modu oso berezian gozatu ahal izango dugu Ilargiaz. Orain… ea eguraldia lagun dugun… EITBko Eguraldiaren lan-taldearen informazioari adi izango gara, hori jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zientzia berriak Superilargia azken ordukoa Zientziaren hedapena zuzenean Astronomia