Gizartea -
Zientzia
Hauxe da gure galaxiaren erdigunean dagoen zulo beltzaren lehen argazkia
Irudi honekin, EHT teleskopioak frogatu egin du Esne Bidearen erdigunean zulo beltz supermasibo bat dagoela, Sagittarius A* izenekoa.
AGENTZIAK | EITB Media
EHT teleskopioak Esne Bidearen erdigunean dagoen zulo beltz supermasiboaren lehen argazkia lortu du, eta, irudi horrekin, frogatu egin du gure galaxian dagoen objektu erraldoi hori zulo beltza dela.
Ikerketan parte hartu duten zientzialariek egin dute publiko argazkia, hainbat herrialdetan aldi berean egindako prentsaurreko batzuetan.
Zulo beltzak Sagittarius A* du izena. Berez, irudian ez da zulo beltza bera ikusten, ikusezina delako (guztiz iluna da, argia ezin delako bertatik atera), baina laranja koloreko eraztun bat ageri da, hiru puntu distiratsu dituena. Zulo beltzaren inguruan dagoen gasa ei da hori.
"Zoragarria da, guztiz berria eta ezohikoa", laburbildu du Xavier Barcons zientzialariak, Europar Behatoki Australaren (ESO) zuzendari nagusiak, Munichetik (Alemania) gertu egindako prentsaurreko batean.
Horren esanetan, Esne Bideko objektu hori zulo beltza dela frogatzeko "zantzu nabaria" da argazkia, eta pista baliotsuak ematen ditu fenomeno erraldoi horien funtzionamendua ulertzeko.
EHT taldearen emaitzak gaur argitaratu dira The Astrophysical Journal Letters aldizkariaen edizio berezi batean.
Hainbeste itxarondako irudiak erakusten du, "azkenean, gure galaxiaren erdian dagoen objektu erraldoiaren benetako itxura", behatokiak esan duenez.
Lehenago ere, zientzialariek izarrak ikusi zituzten Esne Bidearen erdigunean, zerbait ikusezin, trinko eta oso masiboaren inguruan orbitatzen.
Orbita horiei esker, objektu hori, Sagittarius A* izenekoa, zulo beltz bat zela ondorioztatu zuten, eta gaurko irudiak horren lehen ebidentzia bisuala eman du, zientzialarien esanetan.
Irudi berriak zulo beltzaren grabitate-indarrak kurbatutako argia hartzen du. Ziloaren masa Eguzkiarena baino lau milioi aldiz handiagoa da.
"Harrigarriena da zein ondo datorren bat eraztunaren tamaina Einsteinen Erlatibitate Orokorraren Teoriaren iragarpenekin", adierazi du Geoffrey Bower Taipeiko Astronomia eta Astrofisika Institutuaren EHT proiektuko zientzialariak.
"Aurretik egindako ikerketek —2020an Fisikako Nobel Saria jaso zuten— frogatu zuten gure galaxiaren erdigunean gure Eguzkia baino lau milioi aldiz masa handiagoa duen oso objektu trinko bat dagoela", Jose Luis Gómez EHTko Kontseilu Zientifikoko kide eta Andaluziako Astrofisika Institutuaren EHTko taldeko liderraren arabera.
"Orain, EHT teleskopioari esker, objektu hau Einsteinen Erlatibitate Orokorraren Teoriarekin guztiz bat datozen ezaugarriak dituen zulo beltz bat izatearen lehen baieztapen bisuala dugu", dio. Gaur argitara atera den irudi historikoa duela hiru urte pasatxo zientzialarien nazioarteko talde horrek berak argitaratutako beste zulo beltz supermasibo baten argazkiari batzen zaio. Orduko hartan, zuloak zortzi Eguzki Sistemaren tamaina zuen, baina Esne bidetik kanpo zegoen, la Messier 87 galaxiaren erdigunean, hain zuzen ere.
Zulo beltz bat espazioko leku bat da, zeinetan ezerk ezin duen ihes egin, ezta argiak ere. Bere grabitatearen indarra hain da indartsua, argiak ere ezin baitu ihes egin erakarpen horretatik. Argia izanik gure unibertsoan azkarren bidaiatzen duena, hura ezin bada atera, beste ezerk ere ezingo du handik irten.
Albert Einsteinek zulo beltzak iragartzen zituen teoria formulatu zuen, bina berak ez zituen inoiz hauek ulertu edo onartu. Karl Schwarzschild izan zen Einsteinen ekuazioen soluzio bat aurkitu zuen lehena, baina zientziak hori ulertzea lortu aurretik hil zen eta Stephen Hawkingek, besteak beste, horien propietateak deskribatu zituen.