Gizartea -
Istripua
Gizon bat hil da auto batek harrapatuta Ibarran (Gipuzkoa)
Biktimak 54 urte zituen eta gurpildun aulkian zihoan. Berarekin zihoana arin zauritu da istripuan.
Agentziak | EITB Media
Gizon bat hil da eta beste bat arin zauritu da Ibarran (Gipuzkoa), auto batek harrapatuta. Ertzaintza istripua ikertzen ari da.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 14:30 aldera izan da harrapaketa, GI-2130 errepidean. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, auto batek gurpil-aulkian zihoan gizon bat eta harekin zihoan beste pertsona bat harrapatu ditu, eta lehenengoa larri zauritu da.
Bertaratu diren osasun-langileek ezin izan dute ezer egin 54 urteko gizonaren bizitza salbatzeko.
Hildakoaren laguna, berriz, arin zauritu da kolpearen ondorioz, eta tokian bertan artatu dute. Ondoren, osasun-zentro batera eraman dute. Ertzaintzak dagokion ikerketa hasi du, zorigaiztoko gertaera horren inguruabarrak zehazteko.