Gizartea -
ukrainako gerra
Lanbidek enplegu eta formakuntza baliabideak eskainiko dizkie ukrainar errefuxiatuei
Ukrainako errefuxiatuek langabetu gisa izen emateko aukera izango dute martxoaren 18tik aurrera.
agentziak | eitb media
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegu eta formakuntza baliabideak eskainiko dizkie Ukrainatik datozen pertsona errefuxiatuei, eta langabetu gisa izen emateko aukera izango dute martxoaren 18tik aurrera.
Ostegunean indarrean sartu zen Ukrainako egoerak kaltetutako pertsonei aldi baterako abegi egiteko akordioa, Ministro Kontseiluak hori Espainian aplikatzea adostuta. Akordioak errefuxiatu horien egoitza- eta lan-eskubideak aitortu egiten ditu.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Gloria Mugica lanbideko zuzendari nagusiak kontsulta aurkeztu zuen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (EEZP) aurrean, akordioa euskal enplegu zerbitzuan aplikatzeko.
Kontsulta horren ostean, EEZPak ostiralean adostu zuen martxoaren 18tik aurera enplegu-eskatzaile gisa aitortuko dituztela Ukrainatik datozen errefuxiatuak euren erregistro informatikoetan.
Erregistratutakoek aitortza horrekin sarbidea izango dute Lanbidek eskaintzen dituen formakuntza eta enplegu baliabideetara, uneko egoera luzatu artean. Baliabide horiek Iñigo Urkullu lehendakariak krisirako sortutako Mahaiaren eskura ipiniko dituzte, erakunde eta organismo humanitario guztiek eskaintzen dituztenekin koordinatzeko.