Gizartea -

Klima-aldaketa

Klima-aldaketa aurreikusi baino "azkarragoa eta larriagoa" da

NBEren txosten berri batek azpimarratu du "orain" hartu behar direla neurriak. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak dio txostena "munduarentzako beste heriotza-zigor" dela.

Klima-aldaketa.
Klima-aldaketa.
Klima-aldaketa.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima-aldaketaren eragina duela 20 urte aurreikusitakoa baino "azkarragoa, larriagoa eta zabalagoa" da. Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeko (Intergovernmental Panel on Climate Change edo IPCC, ingelesez) adituak ondorio horretara iritsi dira berriki argitaratutako txosten batean.

Taldeak ohartarazi du behar-beharrezkoa dela neurriak "orain" hartzea, "arrakasta izateko aukerarik onena" izateko. Hoesung Lee IPCCko presidenteak azaldu duenez, txostenak ohartarazten du  klima aldaketa gutxitzeko "motel aritzeak ondorioak" izango dituela. Orain hartzen diren erabaki eta neurriek naturak zehaztuko dute pertsonak nola moldatzen diren eta naturak etorkizunean arrisku klimatiko gero eta larriagoei nola erantzungo dien

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren hitzetan, txostena "ezagutzen dugun munduarentzako beste heriotza-sententzia bat da". "Herrialde gutxi batzuk munduko gainerako herrialdeen eskubideak urratzen ari dira. Enpresa gutxi batzuk ari dira ondasun guztiak eskuratzen, behartsuenen eta ahulenen eskubideak alde batera utzita", gehitu du. Guterresek gobernuen lidergo falta "kriminala" ere salatu du.

Larrialdi klimatikoak areagotu egin ditu faunaren, nekazaritzaren eta pertsonen gaitzak. Adituek txostenean azpimarratu dutenaren arabera, ekosistema osasuntsuek eta dibertsitateak "gizakiaren biziraupena bermatzen dute". Zerbait egitea eta joera negatiboa iraultzea beharrezkoa da ekosistemak eta pertsonen ongizatea indartzeko. Horrela, IPCCren ustez, naturak karbonoa xurgatzeko eta biltegiratzeko duen ahalmena balia dezake gizarteak.

Horretarako, IPCCk naturaguneak lehengoratzea eta muturreko aldaketak ezartzea planteatu du, hala nola haragi gutxiago kontsumitzea deforestazioa saihesteko eta CO2 isuriak ez areagotzeko. "Bizikleta gehiago, auto gutxiago, trenez bidaia gehiago eta hegazkinez gutxiago behar ditugu", azaldu du Daniela Jacob txostenaren egileetako batek. Horren esanetan, tenperatura globalaren igoera 1,5 ºC-ra mugatzeak CO2 isuriak % 45 murriztea eskatzen du 2030erako; % 25, 2 ºC-ra mugatzeko.

"Krisi klimatikoa haurren krisia da"

Bestalde, UNICEFek salatu duenez "ez dira aintzat hartzen" larrialdi klimatikoari erantzuteko planetan. "Larrialdi klimatikoa haurren krisia da. Haur gehienek babesik gabe jarraitzen dute, eta ez daude prestatuta klima-aldaketaren eragin gero eta handiagoari aurre egiteko ", gaineratu du. Halaber, UNICEFek dei egin du herrialdeek "konpromisoa" har dezaten krisi honi bizirauten laguntzeko, "itxaroten jarraitu" beharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
NBE bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa 2024