Gizartea -
Koronabirusa
Bertan behera utzi dute Azpeitiko haurren danborrada
Azpeitiko osasun egoera izan dute ardatz danborrada bertan behera uztearen erabakia hartzeko. Herriko intzidentzia metatua 8.600ekoa da 100.000 biztanleko.
I. G. | EITB MEDIA
Azpeitiak ere, atzo Donostiak egin zuen bezala, aurtengo haurren danborrada bertan behera uztea erabaki du.
Atzo arratsaldean bildu ziren San Sebastian Eguneko haurren danborradaren inguruan hitz egin eta erabaki bat hartzeko Azpeitiko Ikastola Ikaberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Karmelo Etxegarai ikastolako, Itsasiko, Juan Antxieta Musika Eskolako, ikastetxeetako guraso elkarteetako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak.
Azpeitiko osasun egoera izan dute ardatz danborrada bertan behera uztearen erabakia hartzeko. Herriko intzidentzia metatua 8.600ekoa da 100.000 biztanleko, eta, azken datuen arabera, 14 egunetan 1.309 positibo izan dira. Anbulatorioko arduradunek egoera larria dela ere adierazi diote udalari; gaindituta eta larrituta daude osasun etxean.
Udaleko datuen arabera, Azpeitiko haurren danborradan 2.000 lagun inguruk hartzen dute parte; horietatik 600-650 inguru haurrak. Beraz, abenduaren 18an LABIk kanpoko ekintzetan bildu daitekeen gehieneko kopurua, 800 pertsonatako muga, gainditzen du.
Hala ere, Azpeitian danborradan irteteko aukera haur guztiak izan dezaten, egoerak eta neurriek uzten dutenean egiteko konpromisoa hartu dute eragileek eta udalak.