Gizartea -
Migrazio krisia
Italian lehorreratu dira Aita Marik erreskatatutako 105 pertsona migratzaileak
Aldez aurretik, koronabirus proba egin diete ontzian zihoazen pertsona guztiei, eta 16k positibo eman dute, baina ez dute sintomarik.
EITB Media
Astelehenean Aita Mari salbamendu ontziak erreskatatu zituen 105 pertsona migratzaileak Trapani herriko (Italiako hegoaldea) portuan lehorreratu dira gaur. Aldez aurretik, koronabirus proba egin diete ontzian zihoazen pertsona guztiei (tripulatzaileak zein erreskatatutakoak), eta 16k positibo eman dute, baina ez dute sintomarik.
"Bakarrik dauden adingabeak zentro batera joango dira, eta helduak ferri batera, berrogeialdia egiteko. Denek aukera izango dute ohe lehor eta seguru batean lo egiteko, aspaldiko partez", adierazi du Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak, sare sozialetan.
Erromako koordinazio zentroak Trapanin (Sizilia) lehorreratzeko baimena eman zion atzo Aita Mari ontziari, sei eguneko itxaronaldiaren ondoren eta aurreko egunetan lehorreratzeko egindako eskaerei Maltako eta Italiako agintariek uko egin ostean.
Erreskatatutako 105 pertsonen artean zortzi adin txikiko daude.
Izaskun Arriaran Aita Mari ontziko kideak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan kontatu duenez, ontzi barruan doazen guztiak onik daude bidaiak eragindako zauri txikiak, kolpeak eta erredurak gorabehera. Koronabirusarekin kutsatuta daudenek ondorio arinak izan dituztela jakinarazi du.
Bestalde, orain arteko erreskateetan ez bezala, Maltako agintariek migratzaileak Espainiara eramateko gonbita egin dietela salatu du Izaskun Arriaranek: "Sei egun egon gara Maltako uretan, Malta eta Sizilia artean, eta erantzunik eza izan da nagusi. Italia eta Maltaren aldetik bakarrik ez, Espainiak ere ez du erantzunik eman. Migratzaileen arazoari ez zaio konponbide argirik ikusten".
Halaber, erreskatatutako pertsonek "Libian torturak, mehatxuak eta tratu txarrak" jaso dituztela adierazi diete eta markak ere erakutsi dizkiete eskifaiako kideei.
Horren harira, gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Europar Batasunak "besteak beste Libiarekin duen lankidetza politika krudela, gizagabea eta legez kanpokoa" dela.
Libiatik egurrezko txalupa batean abiatu ziren 105 pertsonak urriaren 19an erreskatatu zituzten, Mediterraneoan noraezean zihoazela.