Gizartea -
Neurri bereziak
Andre Maria Zuriaren plaza itxi dute Gasteizen, pilaketak saihesteko
Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertako sarrera-irteerak kontrolatzen ari dira, Zeledonen jaitsiera eta igoera izan beharko luketen aurreko eta ondorengo orduetan; izan ere, pandemia dela eta, bertan behera utzi dituzte ospakizunok.
EITB MEDIA
Bigarren urtez jarraian, Udaltzaingoa eta Ertzaintza Andre Maria Zuriaren plazako sarrera-irteerak kontrolatzen ari dira, eta gauza bera egingo dute hilaren 9an, Zeledonen jaitsieraren eta igoeraren aurreko eta ondorengo orduetan; izan ere, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi dituzte ekitaldi horiek.
Andre Maria Zuriaren jaiak atzeratzeaz gain, hainbat segurtasun eta osasun neurri hartu dituzte birusaren transmisioa mugatzeko. Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak dei egin diete herritarrei "arduraz" jokatzeko eta hiriko kaleetan pilaketak saihesteko.
Kontrolak hainbat sarbidetan
Gasteizko Udalak jakitera eman duenez, gaur, abuztuak 4, agenteek Andre Maria Zuriaren plaza eta inguruko kaleak zainduko dituzte 16:30etik 19:00etara. Kontrolguneak jarriko dituzte hainbat tokitan: Mateo de Moraza kalea, Aihotz plaza, Arkupeko ibilbidea, Hedegile kalea, Zapatari kalea, Diputazio kalea, Prado kalea, Loma Jeneralaren plaza, Posta kalea eta Andre Maria Zuriaren sarbidea Plaza Berritik.
Autobusek, taxiek, larrialdietako ibilgailuek eta baimena duten ibilgailuek zirkulatu ahalko dute, eta eremu horietan bizilekua dutenen edo ostalaritza-establezimenduetarako sarrera-irteerak ere baimenduko dituzte.
Bestalde, segurtasun-hesiaren barruan dauden establezimenduek ezingo dituzte terrazak jarri bide publikoan 15:00etatik 19:00etara.
Neurri berdinak errepikatuko dituzte abuztuaren 9ko 23:00etatik abuztuaren 10eko 01:30era.
Iaz bezala, abuztuaren 5ean ere, Udaltzaingoak San Migelgo balkoirako sarrera kontrolatuko du, edukiera errespetatzeko eta eliza barruan nahiz Andre Maria Zuriaren horma-hobiaren aurrean pilaketak saihesteko.
Kale-edanak saihestu
Gainera, Udalak herritarrei gogorarazi die nahitaezkoa dela musukoa erabiltzea aire zabaleko eremuetan, betiere pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko distantzia gorde ezin bada. Era berean, azpimarratu du debekatuta dagoela bide publikoan edari alkoholdunak kontsumitzea, terrazetatik kanpo. Horren harira, prebentzio-lana areagotuko da ohiko kale eta pilaketa-lekuetan, batez ere Erdi Aroko hirigunean.
Ekitaldi ofizial bakarrak Udalak antolatutako kontzertuak eta jarduerak izango dira, eta Udalak berak kontrolatuko ditu ekitaldi horietako edukiera eta gutxieneko distantzia.
Gorka Urtaran hiriburuko alkateak dei egin die herritarrei gaur egungo "egoera pandemikoaz jabetzeko" eta datozen egunetan "zuhurtziaz" eta "zentzuz" jokatzeko.