Gizartea -
ASTRONOMIA
Superilargi batek eta ilargi eklipse oso batek bat egingo dute zeruan maiatzaren 26an
"Loreen superilargia" planeta osoan ikusi ahalko da. Ilargi eklipse osoa, berriz, Asiako ekialdetik, Australiatik, Ozeano Baretik eta Amerikatik soilik ikusi ahalko da.
EITB MEDIA
Datorren asteazkenean (maiatzak 26) 2021eko superilargirik handiena ikusi ahalko da. Maiatzeko ilargi betea, "Loreen superilagia" izenarekin ezagutzen dena, izango da ikusgai. Oraingoan, astronomia ekitaldiarekin batera, ilargi eklipse osoa izango da, eta Asiako ekialdean, Australian, Ozeano Barean eta Amerikan ikusi ahalko da.
"Superilargi" terminoa ilargi bete batekin batera satelitea Lurretik hurbilen dagoen unea aipatzeko erabiltzen da. Une horretan, ilargiak distiratsuago eta handiagoa ematen du.
Ilargi eklipse osoa
Superilargiak 2021eko lehen ilargi eklipsea izango du lagun. Ilargi eklipse osoa izango da; planeta Eguzkiaren eta Ilargiaren artean kokatuko da, eta sateliteari itzal egin eta gorriz ikusaraziko du. Euskal Herritik ezingo da horrekin disfrutatu, baina Asiako ekialdetik, Australiatik, Ozeano Baretik eta Amerikatik ikusi ahalko dute.