Gizartea -
Espainia-Maroko
6.000 migratzaile, laurden bat adingabeak, heldu dira Marokotik Ceutara
Gehienak igerian sartu dira, eta pertsona bat itota hil da. Espainiak Armada bidali du mugara, eta 2.700 kanporatu dituela iragarri du. Kopuru txikiagoan, baina Melillan ere sartu dira migratzaileak.
E. G. | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuaren azken balantzearen arabera, atzotik 6.000 migratzaile sartu dira Marokotik Ceutara, eta bart, kopuru txikiagoan bada ere, gauza bera gertatu da Melillan. Azken horretan, Saharaz hegoaldeko 86 pertsonak lortu dute hiri autonomoan sartzea, baina, antza, 300 batek egin dute saiakera. Ceutara heldutako horien artean 1.500 bat adin txikikoak dira.
Gehienak igerian edo mugako bi kai muturrak oinez inguratuta sartu dira Ceutan. Espainiara sartzeko ahaleginean, pertsona bat hil da, itota.
Iturri militarrek jakinarazi dutenez, goizaldean ia etenik gabe heldu dira migratzaileak, talde txikitan (gehienak marokoarrak omen dira). Espainiako Gobernuak Lurreko Armada bidali du mugara, sartzea oztopatu nahian. EFE agentziako kazetariek bertatik bertara egiaztatu ahal izan dutenez, Espainiako Polizia heldutakoak (adingabeak barne) mugaren bestaldera kanporatzen hasi da.
Iturrion arabera, adin txikikoak inorena ez den eremu batera eramaten dituzte, Marokora itzul daitezen. EFEk nabarmendu duenez, agenteek ez dute inolako egiaztapenik egiten (nortasun agiria eskatu edo hatz markak hartu) mugaz bestaldera bidali baino lehen.
Inorena ez den eremu horretara heldutakoan, bertan pilatzen dira gazteak, muga zeharkatzeko beste aukera baten zain. Espainiako Poliziak negarra eragiteko gasa erabili du etorkinak sakabanatzeko.
2.700 migratzaile kanporatu dituela esan du Espainiak
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak jakinarazi duenez, atzotik heldutako 6.000 lagunetatik 2.700 kanporatu dituzte jada. Grande-Marlaska bera Ceutara joango da gaur.
Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldi batean, Grande-Marlaskak esan du "Espainiak eskura dituen neurri guztiak" hartuko dituela egoerari aurre egiteko, baita "gure mugak defendatzeko" ere. Erantsi duenez, "gure mugak defendituko ditugun indar berdinarekin egingo diegu aurre gorroto mezuei".
Ildo beretik, Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak esan du kanporatzeak "erritmo bizian" egiten ari direla. "Kanporatzeei buruzko akordioak oso argiak dira, atzo arratsaldetik ari gara aplikatzen. Erritmo bizian ari gara egiten". Bestalde, Melillan migratzaileak sartzea geldiarazteko Marokoko Poliziaren laguntza izan dutela azpimarratu du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaurko aurreikusita zuen bidaia ofiziala bertan behera utzi du, egoera larria dela eta. Adierazpen publikorik ez du egin, baina Twitterren honakoa idatzi du: "Nire lehentasuna Ceutara normaltasuna itzultzea da. Bertako herritarrek jakin dezaten Espainiako Gobernuaren babes osoa dutela eta sendotasunez erantzungo dudala euren segurtasuna eta euren ongizatea defendatzeko edozein desafioren aurrean".
Bien bitartean, Marokoko Gobernuak ez du adierazpen publikorik egin.
Mugako segurtasuna arindu izanaren zurrumurruak
Maroko eta Ceuta arteko mugako errepidea itxita egon da urtebete luzez, koronabirusaren krisiak eraginda.
Atzo, ordea, mugako segurtasuna arindu zela zioten zurrumurruak zabaldu ziren, eta Espainiara joan nahi zuten marokoar asko hurbildu ziren, saiakera egiteko asmotan, baita lortu ere.
Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak bart esan duenez, Marokoko agintarien esanetan migratzaileak iristeak ez du zerikusirik Espainiak Fronte Polisarioko Brahim Gali buruzagia Logroñoko ospitalean artatu izanarekin.
Bruselasek ohartarazpena Marokori: "Ceuta EBko muga da"
Ylva Johansson Europako Barne komisarioak hizpide hartu du auzia Europako Parlamentuan egiten ari diren osoko bilkuran, eta ohartarazpena egin dio Marokori. Horren arabera, Ceuta "Europar Batasuneko muga" ere bada, eta Rabati migrazio irregularra kontrolatzeko deia egin dio.
"Espainiako muga Europako muga da, EBk Marokorekin duen harremana konfiantzan eta partekatutako konpromisoetan oinarritu nahi du, eta horretan immigrazioa gako da", nabarmendu du.