Gizartea -

euskara

Auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile bihurtu izana salatu du Kontseiluak

Irungo Udaltzaingoaren inguruko epaiaren gisakoak “hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez” direla ohartarazi dute, eta batasunerako deia egin dute halakoei aurre egiteko.

Euskalgintzaren Kontseiluko kideak gaur goizean, Bilbon. Irudia: Kontseilua.
Euskalgintzaren Kontseiluko kideak gaur goizean, Bilbon.
Euskalgintzako elkarteek gogor kritikatu dute Irungo Udaltzaingoaren inguruko epaia

2:03

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizean Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldi berezia egin du Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko astean Irungo Udaltzaingoaren hizkuntza-eskakizunari buruz kaleratutako epaiari buruzko irakurketa egiteko. Agerraldian Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, bilgunea osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariak izan dira, besteak beste: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta UEMA.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak joan den astean, epaia jakin berritan egindako irakurketa berretsi du “erabakia politikoa” dela esanda. Adierazi duenez, “magistratuek epaia idatzi zuten, eta ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen, estrategia desberdinak baliatuta”. Bilbaok aipatu du “jurisprudentzia berria baztertu” egin dutela epaileek eta hizkuntza-eskakizunen prozedurari ez diotela “jaramonik egin”. Are gehiago, Kontseiluko idazkari nagusiak baieztatu du epaiak legea bera urratzen duela eta iradoki du ongi legokeela “Udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu gabe nola aplikatu behar duen jakiteko”.

Bestalde, gaur agerraldian bildutako eragileek salatu dute joan den asteko epaia ez dela gertaera isolatua, “azken urteetan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik”. Bilbaoren hitzetan, “egun indarrean dagoen legeriak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira».

Horren aurrean batzeko deia egin du Bilbaok gaurko agerraldian parte hartu duten ordezkari guztien izenean: «horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira, eta horrexegatik, batasunaren bidetik erantzun behar diegu. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko komunitatea egin duen eta egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da, ez bidezkoa, ez eta zilegi ere". Azpimarratu dute "guztiok batera erantzuteko unea iritsi" dela.

Kontseilua harremanetan jarri da dagoeneko Irungo Udalarekin “helegitea jartzeko erabakiari babesa emateaz gain, laguntzeko prestutasuna” agertzeko. Horrez gainera, bilera egingo dute ostegun honetan eragile sindikal eta politikoekin, Kontseiluaren irakurketa partekatzeko, eta haien iritziak jasotzeko.

Elkarretaratzea larunbatean

Halaber, osteguneko bileran Kontseiluak larunbaterako deitu duen elkarretaratzearen berri helaraziko die eragile politiko eta sindikalei, bai eta parte hartzeko gonbita egin ere. “Larunbat eguerdian, Kontseiluko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, horrelako eskuhartzeei desadostasuna agertuko diegu Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egingo dugun elkarretaratzean».

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gipuzkoako albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak Behatokia Lan-eskaintzak gaur Kontseilua