Gizartea -
CORONAVIRUS
OMEk dio covid-19ak berak txertoek baino tronbo arrisku handiagoa dakarrela
Europarako eskualdeko zuzendariak adierazi duenez, OMEk "oso serio hartzen du txertoen segurtasuna" eta, gaur gaurkoz, txertoa jartzea eta covid-19tik "lehenbailehen" babestea gomendatzen du.
O. P. | EITB MEDIA
Hans Kluge Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) Europarako eskualdeko zuzendariak baieztatu du, gertaera tronboiko bat izateko arrisku gehiago dakar covid-19ak berak, AstraZeneca edo Janssen txertoek baino.
Klugek ziurtatu du "OMEk oso serio" hartzen duela txertoen segurtasuna eta aholkuak ahal bezain laster ematen dituela. Estatuei eskatu die txertatu ostean gertatzen diren konplikazioen berri eman dezaten. Baina, gaur gaurkoz, OMEk txertoa jartzea gomendatzen du, eta covid-19tik "lehenbailehen" babesteko.
AstraZenecaren txertoa eman ondoren detektatutako tronbosi arraroen kasuen iragarpenaren eta, bestalde, arrazoi berberagatik Janssen txertoa Estatu Batuetan etetearen eta Europara banaketa atzeratzeko erabakiaren ostean dator OMEren adierazpen hau.