Gizartea -
HAUR LAPURTUAK
Haur lapurtuen salaketen aurrean erantzun falta salatu du Amnistia Internazionalak
Erakundearen ustez, "inpunitate giroa dago giza eskubideen urraketa horien aurrean", eta neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Amnistia Internazionala (AI) giza eskubideen aldeko erakundeak salatu duenez, ume lapurtuen salaketen aurrean Estatu espainiarrak ez du erantzunik ematen. Erakundearen esanetan, ez dago "ikertzeko borondaterik" eta baliabide "eskasak eta desegokiak" eskaintzen zaizkie salatzaileei, "giza eskubideen urraketa horien aurrean inpunitate giroa" elikatuz.
Hori da Amnistia Internazionalak atera duen ondorio nagusietako bat Espainian lapurtutako haurrei buruz egin duen txostenean. Bertan azpimarratzen denez, biktimek "oztopoak izaten jarraitzen dute" senideak bilatzeko eta gehienetan bilaketa horiek ez dute emaitzarik izaten.
"Azken urteetan gai horri heltzeko baliabide batzuk martxan jarri diren arren, Justizia Ministerioko Kaltetuen Zerbitzua, adibidez, ez dute baliabide nahikorik, ez diete biktimei laguntzen, ez diete kasuei jarraipenik egiten eta ez dute ez laguntza psikologikorik ez orientazio juridikorik ematen", adierazi du Amnistia Internazionalak.
Hori dela eta, "kezkatuta" agertu da "Espainiako botereek ez dietelako orain arte giza eskubideen nazioarteko estandarren araberako erantzunik eman biktimei".
Esteban Beltran AIko Espainiako zuzendariak "aukera historiko" gisa ikusten du Espainiako Diputatuen Kongresuan ume lapurtuen lege bat onartzeko aukera. Aldi berean, bi eskaera egin ditu: batetik, biktimei laguntza legala eta psikologikoa eskaintzea; bestetik, gertaturikoa argitzeko botere judizialetik "ikerketa sakonak eta independenteak" bultzatzea.
Erakundeak zabaldutako datuen arabera, 2011 eta 2021 urteen artean 2.138 salaketa jarri ziren eta horietatik bakar batek soilik jarraitzen du zabalik (2020an Bartzelonan abiatutakoa). Guztira, 526 kasu judizializatu ziren, baina asko eta asko itxi egin ziren, ustezko delituak preskribatu egin zirelakoan.
Amaitzeko, Amnistia Internazionalak gaineratu du gaur egun familiak direla bilaketa prozesuak bere gain hartzen dituztenak, eta Estatuak eta Elizak ez dutela gertatutakoa argitzeko informaziorik eskaintzen.