Gizartea -

Txertoak

Hasiera batean hitzemandako dosien % 50 bidaliko dio Modernak Espainiari otsailean

Edozein modutan, desoreka hori martxoan konpentsatzeko konpromisoa hartu du Modernak. Hala, urteko lehen hiruhilekorako agindutako kopurua igorriko du apirila hasi orduko.

Modernaren txertoa. Argazkia: EFE
Modernaren txertoa
Modernaren txertoa. Argazkia: EFE

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasiera batean hitzemandako dosi kopuruaren erdia bidaliko dio Modernak Espainiari otsailean zehar, baina konpainia horrek agindu du martxoan konpentsatuko duela hilabete honetan eragindako "desoreka", Osasun Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.

"Dagoeneko autonomia erkidegoak jakinaren gainean daude, aurrera begira antola daitezen", zehaztu dute aipatu iturriek. Edozein modutan, Osasun Ministerioak argi utzi du hitzemandako bidalketa guztiak apirila orduko egiteko konpromisoa hartu duela enpresak.

Hala, otsailean Modernaren 200.000 dosi jasoko ditu Espainiak, 412.000 jaso beharrean, Carolina Darias Osasun ministroak esan duenaren arabera. "Egoera, dena den, antzekoa da Europa osoan", gogora ekarri du ministroak.

Europako Batzordeak atzerapen horien berri jaso duen galdetuta, Bruselan emandako prentsaurrekoan EBko ordezkari batek argitu du bazutela horren berri, baina "martxoan bertan konpentsatuko duela Modernak otsaileko bidalketa".

Pfizer txertoaren 20,8 milioi dosi gehiago

Bestalde, Ministroen Kontseiluak astearte honetan adostu du Espainiak Pfizer/BioNTechen 20,8 milioi dosi gehiago jasotzea. Europar Batasunak botika-etxe horrekin hitzartutako akordioaren ondotik iritsi da erabakia, eta aurreikusitakoaren arabera, apirilean hasiko da Espainia dosi horiek jasotzen.

Horixe da, behintzat, Maria Jesus Montero Gobernuko bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian ziurtatu duena. Haren esanetan, azaroan 30 milioi dosiren bidalketa adostu zuten, eta, beraz, 50 milioi jasoko ditu guztira Espainiak. Txerto horiekin, 2021ean zehar, 25 milioi pertsona immunizatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa