Gizartea -
EPAIA
Ellacuria eta beste lau jesuita hiltzeagatik jarritako zigorra berrikusiko du Gorenak
Auzitegi Nazionalak 133 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Inocencio Montanori, 1989an El Salvadorren bost jesuita hiltzeagatik.
O. A. | EITB MEDIA
Auzitegi Nazionalak Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoari jarritako 133 urteko zigorra berrikusiko du gaur Auzitegi Gorenak. Ignacio Ellacuriaren eta beste lau jesuiten hilketen arduradun gisa jo zuen epaimahaiak.
Goreneko bost magistratu goizeko lehen orduan elkartuko dira Montanoren defentsak aurkeztutako kasazio helegitea aztertzeko. Bost hilketa horiek antolatu eta agintzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak Inocente Montano.
Epaiketan, Montanok berak ukatu egin zuen hilketen inguruko erabakia hartu eta horiei buruzko informazioa jaso izana, "ez militarren partetik, ezta Alfredo Castraniren partetik ere".
Epaileek ziurtatu zutenez, ostera, El Salvadorren 1989ko azaroaren 6an gertatutako zortzi hilketak Indar Armatuetako buruak "antolatutako, aurretik erabakitako eta agindutako ekintzak" izan ziren.
Bost hilketatan "parte hartzeagatik" zigortu zuen Auzitegi Nazionalak Inocente Montano. Hain zuzen ere, bera izan da auzi horrengatik Estatuan zigortutako El Salvadorko goi agintari bakarra.
AEBk 2017an espainiaratu zuenetik, espetxean dago Inocente Montano.
Bien bitartean, Auzitegi Nazionalaren epaiak egile intelektual gisa aitortzen dituen pertsonen aurkako auzi penala itxi dute El Salvadorren. Fiskaltzak helegitea jarri du erabaki horren aurka, eta, gainera, auzia artxibatzea erabaki zuten magistratuen (ordezko bi epaile) errefusatzea eskatu du.