Gizartea -

Koronabirusa

Erresuma Batuko eta Hegoafrikako aldaeretatik babesten du Modernaren txertoak

B.1.1.7 eta B.1.351 aldaerak ikertu ditu Modernak. Biak ala biak orain arte nagusi zen aldaera baino birulentoagoak eta kutsakorragoak omen dira.

Moderna farmazia enpresaren txertoa. Argazkia: EFE
Moderna farmazia enpresaren txertoa
Moderna farmazia enpresaren txertoa. Argazkia: EFE

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moderna farmazia enpresak astelehen honetan ziurtatu du covid-19aren aurka garatu duen txertoak Erresuma Batuan eta Hegoafrikan atzemandako SARS-CoV-2 birusaren aldaeretatik babesten duela, entsegu klinikoetako lehen emaitzen arabera.

"Gaur egun ezagutzen ditugun SAS-CoV-2 birusaren aldaeren aurka eraginkorra da gure txertoa", esan du enpresa estatubatuarrak ohar batean.

Britainiako aldaerari dagokionez, antigorputzen kopurua ez da gutxitzen. Aldaera hegoafrikarrari dagokionez, berriz, sei aldiz txikiagoa da, baina birusetik babesteko bete beharreko mailatik gorakoa, hala ere.

Nolanahi dela, Massachusettsen egoitza duen farmazia enpresa hori Hego Afrikako aldaerarentzat berariaz zuzendutako txertoa prestatzen dabil.

B.1.1.7 eta B.1.351 aldaerak ikertu ditu Modernak. Biak ala biak orain arte nagusi zen aldaera baino birulentoagoak eta kutsakorragoak omen dira.

Txertoak birusaren bi aldaera horietan duen eraginkortasuna neurtzeko, bi dosiak jaso dituzten zortzi pertsonen eta immunizatuak izan diren bi tximinoren odol laginetan oinarritu dira.

Halaber, Modernak iragarri du ikerketa kliniko gehiago egingo dituela, SARS-CoV-2 birusaren aldaera berrien aurrean txertoak nola erantzuten duen aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa