Gizartea -

Koronabirusa

18:00etarako etxean egon beharko dute Ipar Euskal Herrian

Orain arte, 25 departamendutan soilik zegoen indarrean 18:00etan etxeratzeko agindua, baina Frantziako Estatu osora zabaldu da, eta gutxienez bi astez iraungo du neurri horrek.

Jendea Baionatik paseoan. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Jendea Baionatik paseoan
Jendea Baionatik paseoan. ETBren bideo batetik hartutako irudia

EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian bi ordu aurreratu dute etxeratze agindua larunbat honetatik aurrera. Jean Castex Frantziako lehen ministroak ostegun honetan iragarri du Estatu osoan etxeratze agindua zorroztea erabaki dutela. Horrela, 20:00etarako beharrean, 18:00etarako etxeratu beharko dira herritarrak, egoera epidemiologikoari aurre egiteko hartutako neurriei men. 

Orain arte, 25 departamendutan soilik zegoen indarrean 18:00etan etxeratzeko agindua, baina Frantziako Estatu osora zabaldu dute, eta gutxienez bi astez iraungo du neurri horrek. Frantzian, 100.000 biztanleko 187,5 covid-19 kasu daude (azken zazpi egunetako datuak kontuan izanda).

Bestalde, Castexek aurreratu du Frantziara bidaiatzen duten Europar Batasunetik kanpoko herritar guztiek test negatibo bat aurkeztu beharko dutela hara abiatu orduko, eta behin iritsita, astebetez isolatuta egon beharko dutela, bigarren proba bat egin arte.

"Esku artean ditugun datuek erakusten dute Gabon festek ez dutela kutsatzeen gorakada ekarri", esan du Castetxek. Ildo horretan, zehaztu du Frantzian egoera "kontrolpean" dutela, baina "ahul" jarraitzen dutela.

Halaber, asmoa da mugaz haraindiko joan-etorriak murriztea, agerraldi berrien hedapena saiheste aldera.

Orain arte, 2,98 milioi covid-19 kasu atzeman dituzte Frantzian pandemia hasi zenetik, eta 69.031 pertsona hil dira covid-19ak jota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua