Gizartea -
PRESOAK
Hirugarren gradua eman diote Troitiñori eta datozen orduetan aterako da espetxetik
Antton Troitiño preso donostiarra aurki irtengo da Estremerako kartzelatik, gaixotasun larri eta sendaezina duelako.
O.A. | EITB MEDIA
Antton Troitiño preso donostiarra aske geldituko da datozen orduetan, Etxerat presoen senideen elkarteak astearte honetan jakinarazi duenez. Gaixotasun larri eta sendaezina du eta Estremerako espetxean dago egun.
Atzo sinatutako auto batean, Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua eman dio Troitiñori, bere osasun egoeragatik. Etxeratek gaur zabaldutako oharrak auto horren zatiak jasotzen ditu. Autoaren arabera, Troitiñok "oso gaixotasun larri eta sendaezina du, eta neurri aringarrien bidez baino ezin da tratatu, eta, beraz, espetxean egoteak horiek zaildu ditzake".
Etxeratek zehaztu duenez, Troitiño ez dago gaixotasun sendaezinak dituzten 17 presoren zerrendan, baina espetxeko egonaldi luze eta gogorrek Troitiño pairatzen ari den gisako ondorioak ekartzen dituzte.
Bestalde, larriki gaixorik dauden presoak berehala aske uztea eskatu du, beste behin, Etxeratek.