Gizartea -

Negua

Gaur hasiko da negua, urteko egunik laburrenarekin

88 egun eta 23 ordu egongo gara urtaroan, 2021eko martxoaren 20an udaberriari ongietorria egin arte. Ez da eklipserik egongo.

2019ko urtarrileko neguko irudia, Baztanen. Argazkia: Juan Lameirinhas
2019ko urtarrileko neguko irudia, Baztanen.
2019ko urtarrileko neguko irudia, Baztanen. Argazkia: Juan Lameirinhas

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, astelehena, abenduak 21, 11:02an neguan sartu gara ipar hemisferioan, Espainiako Institutu Geografikoak zabaldu dituen Behatoki Astronomikoaren kalkuluen arabera. Urtaro honek 90 egun baino gutxiago iraungo du (88 egun eta 23 ordu), 2021eko martxoaren 20ra arte.

Astelehenean, beraz, neguko solstizioa da ipar hemisferio osoan, hego hemisferioan udako solstizioaz gozatzen duten bitartean.

Gure latitudean urteko egunik laburrena izango da, eta Eguzkiaren izpiek urteko beste edozein momentutan baino zutasun gutxiagorekin helduko dira gurera. Hori da hurrengo hiru hilabeteetan etorriko zaizkigun tenperatura baxuak ulertzeko gakoa.

Zirkulu Polar Artikotik iparraldera ez dute astelehen osoan eguzki izpirik ikusiko, eta Zirkulu Polar Antartikotik hegoaldera egun osoan ikusiko dute eguzkia zeruan. Are gehiago: Ipar Poloan sei hilabeteko gaua hasiko da eta Hego Poloan sei hilabeteko egunari emango diote hasiera.

Gure latitudean, abenduaren 21etik aurrera, egunak pasatu ahala, eguna gero eta luzeagoa izango da, martxoan udaberriko ekinoziora heldu arte. Momentu horretan, egunak eta gauak luzera bera izango dute.

Neguan zehar, Lurra beste edozein urtarotan baino gertuago dago Eguzkitik, gure planetaren orbita izarraren inguruan ez baita zirkularra. Zehatz esanda, 2021eko urtarrilaren 2an emango da perihelioa, hau da, planeta osoa Eguzkitik gertuen egongo den momentua. Hori, baina, gure urtaro hotzarekin batera izaten da, bi astroen arteko distantziak ez baitu tenperatu baxua eragiten.

Espainiako Institutu Geografikoak esan duenaren arabera, ez da eklipserik egongo.

Gainera, horren hitzetan, gaueko zeruan Marte izango da nagusi, baita Jupiter eta Saturno urtarril erdialdera arte, eta Merkurio urtarril osoan zehar. Egunsentiko zeruetan, Venus izango da ikusgai otsail erdialdera arte, eta Merkurio, Jupiter eta Saturno agertuko dira ordutik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Super ilargia abuztuaren Ilargi eklipseak Eguzki eklipseak Lurra Astronomia Planetak